Iñaki Segurolaren heriotza

Hitzezko erraldoia

Iñaki Segurola. (Ihintza Elustondo)

Juan Luis Zabalak Iñaki Segurolari eskaini dio gaurko Gipuzkoako Hitza egunkarian idatzi duen zutabea.

Gaur zortzi hil zen Iñaki Segurola idazle, hiztegigile, irrati eta egunkarietako zutabegile, euskaltzain urgazle eta adiskidea. Hainbat oroitzapen berritu zitzaizkidan haren heriotzaren albistea jaso ondoko goibelaldian, batzuk pertsonalak, besteak ez hainbeste.

Lehena Nemesio Etxanizen Izotz-kandelak nobelaren edizioaren aurkezpena da, berak apailatua, Iñaki Segurolak, euskal literaturaren munduan lehen agerpena eginez, 1992an. Lagunarte antiklerikalean zebilen gaztea apaiz baten nobela berreskuratzen eta promozionatzen. Ez nolanahiko apaiza, ez nolanahiko nobela, jakina.

Aurrerago, 1994 edo 1995 inguruan, Iñaki, Euskaldunon Egunkariako zutabegile ordurako, aholku eske hurreratu zitzaidan argitaletxe bat sortu nahi zuelako. Samurtasunez oroitzen dut orduan zeukan ezinegon hura. Ez zuen argitaletxea sortu baina Ostiela! aldizkarian parte hartu zuen 1995 eta 2006 artean, aldizkariaren sortzaile eta zuzendari Jon Aranorekin eta beste kide batzuekin batera.

Gu bion arteko adiskidetasuna asko estutu zen, eta aldi berean zabaldu, 2005 eta 2006 inguruan, biok Goraño izeneko mendi-talde sui generis bateko kide izan ginenean, berak sortu, abian jarri eta dinamizatua, bera (aproposko) "presidente" zela. Askotariko jendea batu eta ezagutu genuen talde heterogeneo, eklektiko eta ektoplasmatiko samar hartan.

Gorañori esker ezagutu zuen Segurolak, beste batzuen artean, berarentzat izen mitikoa zeukan leku bat, etxetik gertu izan arren aurretik egundo ikusi gabea: Larraskanda. Izen horrekin, ezin ba leku zatarra izan!

Azken urteetan gutxitan ikusi nuen, baina leitu dut idatzi duena, entzun ere bai, sarri samar, irratiko haren jarduna, hala irrati ofizialekoa nola bestekoa. Euskara batuari buruzko debate batean ere elkartu gintuzten behin, Azkoitian. Ez geunden ados, baina ezta mutur banatan ere.

Koldo Mitxelenaren biloba intelektuala izatera deitua zegoen –Ibon Sarasola tartean zutela–, baina bai zera! Zorioneko h-aren aurka ere mintzatu zen barren ez oso aspaldi! Batetik, zintzotasuna gogotik estimatu eta praktikatu arren, txintxoa izatea nahita ere ezinezkoa zitzaion. Bestetik, batuari estandarra ere esaten zaio, eta estandarizazio orok min ematen zion, hartaz pentsatze hutsarekin, haren gogo bihoztunegi, erraietakoegi, akaso erromantikoegiari.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide