'Energia berriztagarriak zure etxean... posible da!' tailerra emango dute asteartean

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 21a, 09:12
Eguzki plakak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Energia Argitu programaren barruko saioa izango da. Azoka Plazako goiko aretoan egingo dute, 18:30ean, eta parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena.

Etxebizitzetan energia berriztagarri iturriak jartzearen gaineko saio praktikoa egingo dute datorren asteartean, apirilaren 26an, 18:30etik aurrera Azoka Plazako goiko aretoan.

Energia berriztagarriak zure etxean... posible da! du izena Gipuzkoako Foru Aldundiaren Energia Argitu programaren barruan Azpeitian emango duten tailerrak. Etxean energia berriztagarriak ezartzeko interesa izan dezaketen herritarrei horiek ezarri ahal izateko "beharrezkoak diren irizpideak eta ezagupenak modu argi eta ulergarrian eskaintzea da" tailerraren helburua. "Energia berriztagarrien ezarpenak araudiari lotutako aldaketak jasan ditu berriki, eta aldaketa horiek teknologia horien ezarpena erraztu dute, bai etxebizitza indibidualetan, bai etxebizitza blokeetan", azaldu dute Energia Argitu programaren arduradunek.

Astearteko saioak "izaera praktikoa" izango du: ""nergia berriztagarrien instalazioak aurrera eramateko baldintzak zeintzuk diren argituko du gaian espezializatutako aditu batek, eta, aldi berean, martxan dauden instalazioen benetako kasu praktikoen bidez instalazio horietan sortutako energia nola erabili daitekeen azalduko du".

Tailerrean parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, astelehenerako, beranduenez, argitu@gipuzkoa.eus posta elektroniko helbidera idatzita edo 605 757 687 telefono zenbakira deituta (astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 18:00etara).