Azpeitiko Udalak Euskal Errepublika aldarrikatu zuen duela 91 urte, gaurko egunez

Ihintza Elustondo 2022ko api. 17a, 09:00
Azpeitiko Udalak 1931ko apirilaren 17an onartutako adierazpena. (Naziogintza)

1931ko apirilaren 17an Euskal Errepublika aldarrikatu zuen Azpeitiko Udalak aho batez, mozio baten bitartez. "Euskal Herriaren historia hurbileko pasarte ezezagun hori gogorarazteko", Euskal Errepublikaren Eguna ospatuko du Naziogintza taldeak maiatzaren 7an.

Naziogintza taldeak gogorarazi duenez, gaurko egunez, duela 91 urte, Euskal Errepublika aldarrikatu zuen Azpeitiko Udalak aho batez, mozio baten bitartez. Espainiako Errepublika ezarri eta hiru egun geroago egin zuen Azpeitiko Udalak aldarrikapen hori, 1931ko apirilaren 17an, garai hartako zinegotzi guztien adostasunarekin.

Azpeitikoa ez zen kasu isolatua izan, 1931ko apirilean Euskal Herriko beste udal askok ere Euskal Errepublika eskatu baitzuten Euskal Herriarentzat: Zumaiakoak, Oriokoak, Zestoakoak, Bergarakoak, Hernanikoak, Bermeokoak, Errenteriakoak eta Markinakoak, besteak beste.

Horren harira, "Euskal Herriaren historia hurbileko pasarte ezezagun hori gogorarazteko eta Euskal Errepublikaren beharra gaur egun ere aldarrikatzeko", ekitaldi irekia egingo du Naziogintza taldeak maiatzaren 7an, Azpeitian. 12:00etan, plazan hasiko dituzte ekintzak, eta ondoren, 12:30ean, Sanagustin kulturgunean jarraituko dute egitarauarekin. "Azpeitiar nahiz euskal herritar guztiak" gonbidatu dituzte ekitaldian parte hartzera. "Izan zirelako gara, garelako izango dira", adierazi du Naziogintza taldeak.