Unai Martinez: "Gazteak ikuspuntu komunista batetik antolatzen ari dira"

Berria 2022ko api. 13a, 15:00
Unai Martinez, artxiboko irudi batean.

Ehunka gazte batu ziren larunbatean Berriozarren (Nafarroa), Gazte Koordinakunde Sozialistak (GKS) antolatutako jardunaldietan. Horren harira, Edurne Begiristainek elkarrizketa egin dio GKSko kide azpeitiarrari Berria egunkarirako. Martinezek dio gazteek komunismoaz jardutea "kultura kritiko" baten isla dela.

Unai Martinez (Azpeitia, Gipuzkoa, 1996) Gazte Koordinakunde Sozialistako kideak dio jardunaldietan sortutako eztabaidak "mugimendu sozialista indartzeko" balio duela.

Gazte andana batu zineten larunbatean Berriozarren. Zer balorazio egiten duzue jardunaldien inguruan?

Milatik gora gazte batzea lortu genuen, eta, alde horretatik, oso balorazio ona egiten dugu. Bestalde, positiboa izan da komunismoaren inguruko hausnarketa bat egitea, alternatiba politiko hori gaur egungo baldintzetara ekartzea eta horri buruz eztabaidatzea. Eztabaidak mugimendu sozialista indartzeko balio du. Hainbeste gaztek gai horien inguruan gogoeta egitea bada kultura kritiko baten adierazle: gazteak politikan daude, eta ikuspuntu komunista batetik antolatzen ari dira. Gure antolakunderako oso positiboa da hori, baina baita politikarako ere.

Komunismoaren aldeko apustu politikoa egiten duzue. Mahai inguruetako batean, komunismoak azken urteotan jasan duen desprestigioaz aritu zineten. Zer dela eta?

Komunismoaren inguruan, aurreiritzi asko eraikita daude, ulerkera mitologiko asko ere bai: norberaren askatasunak ezabatzen dituela, urritasuna dakarrela... Ideia horiek denak deseraiki eta zalantzan jartzeko saioa egin genuen. Izan ere, uste dugu bizi eredu duin bat unibertsalizatzea dakarrela komunismoak. Gaur egun askoz ere zibilizazio oparoago bat antolatu daiteke klase dominazioa ezabatuta eta baliabide teknologikoak eta bestelakoak sozializatuta. Komunismoa horrekin lotzen saiatzen gara.

Horri lotuta, klase ertainaren "deskonposizioaz" jardun zuen Emanuel Rodriguez historiagile eta soziologoak. Zer ondorio atera zenituzten?

Gaiak ertz ugari ditu. Klase ertainena fenomeno politiko bat izan da bai Euskal Herrian, bai gainerako herrialde garatu askotan, baina bizi eredu hori desagertzen ari da. Gure ustez, klase ertainak pisu politiko handia dauka, biztanleriaren zati handi batek baldintza egokiak edukitzeak lotura zuzena duelako gizartean politika iraultzailerik ez garatzearekin. Hau da, klase ertainaren fenomenoak gizartean pisua galtzen duen heinean, politika bera, aliantzak eta alternatiba politikoak aldatuz joaten dira. Horri buruz hausnartu nahi genuen.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berriaren atarian.