Basoetako monolaborantza politika salatu du Thomas Weitz europarlamentariak, Lasaon

Nerea Uranga 2022ko api. 10a, 09:00
Thomas Weitz Europako Parlamentuko Berdeak taldeko ordezkaria Equo Berdeakeko kideekin, ostiralean, Lasaon.

Thomas Weitz Europako Parlamentuko Berdeen ordezkaria izan zen ostiral goizean Lasaon, Equo Berdeak taldeak gonbidatuta. Hazkunde azkarreko espezieen monolaborantzaren kalteak salatzeaz gainera, Hego Euskal Herria baso politika berri baten aldeko apustua egiteko "garaiz" dabilela nabarmendu zuen. Lehen pinudiak izandako Lasaoko hainbat baso sail bisitatu zituen Weitzek.

Thomas Weitz europarlamentaria, Greens-EFAko kidea eta 2030erako Europako Batasunaren Baso Estrategia lantzen ari den European Greens erakundeko kopresidentea eta Europako Parlamentuko Berdeen ordezkaria da. Hego Euskal Herriko hainbat toki eta baso sail bisitatzera etorri da, Equo Berdeak taldeak gonbidatuta. Egunotan, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat gunetan izan da, tartean, Lasaon. Bertan, Jose Ramon Becerra Equo Berdeak taldekoarekin batera, lehen pinudiak izandako hainbat baso sail bisitatu zituen, Urola Bizirik natur taldeko hainbat kide gidari zituela. Becerrak azaldu zuenez, "hazkunde azkarreko espezieen –pinua eta eukaliptoa kasu- monolaborantzari lotutako "arazoa" bertatik bertara ezagutzeko etorri da Weitz Euskal Herrira.

Thomas Weitz europarlamentaria (erdian) eta Jose Ramon Becerra Equo Berdeakeko kidea (eskuinean), ostiralean, Lasaon. (Argazkia: Nerea Uranga)

Berdeak taldeko europarlamentariak Lasaon adierazi zuenez, Hego Euskal Herrian oraindik aukera dago norabide berri bateko baso politika hasteko. Baso jasangarriak lortuko dituen politika egin beharra nabarmendu zuen Weitzek Lasaon: "Era horretan, tokiko ekonomiarentzat eta euskal gizarte osoarentzat baliagarri izango delako, eta ez delako izango gutxi batzuen mesederako". Gaur egungo basoak ekoizteko moduarekin jarraituz gero, egurraren eta basoen euskal sektoreak "gainbehera" izango du Weitzen arabera: "Biodibertsitatearen galera areagotzearen, lurren higaduraren eta emankortasuna eta produktibitatea suntsitzearen ondorioz izango du egurraren sektoreak gainbehera. Hori gutxi balitz, gaixotasun berriak ere ager daitezke, pinudietan agertu den banda marroia gisakoak, adibidez".

Lasao inguruan bisitatu zituzten lur sailak (Argazkia: Javier Beristain- Urola Bizirik natur taldea)

Equo Berdeakeko Jose Ramon Becerrak ere hartu zuen hitza Lasaon, eta bat etorri zen Weitzekin, eta adierazi zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egungo baso politikak "ingurumena eta gizartea kaltetzen" dutela. Egurraren negozioa "gainbeheran" dagoela gehitu zuen Becerrak, "Euskadiko gobernuko estrategiak ez direlako gai izan indartzeko". Horregatik, "benetan jasangarria izango den eredu baten bila" egin beharra dagoela azpimarratu zuen, "basoen kudeaketarekin lotutako ekonomia eta industria garatzeko formulak" aztertuz.

Ostiralean Lasaoko baso sailetara egindako bisitako une bat. (Argazkia: Javier Beristain- Urola Bizirik natur taldea)