Euskararen aldeko uholde bihurtuta igaro da Korrika Azpeititik

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 8a, 15:55

Haur, gazte, heldu eta zahar, ehunka azpeitiar atera dira kalera AEK-ren euskararen aldeko egitasmoarekin bat egiteko. Batzuk lasterka eta beste batzuk korrikalariak bide bazterretik bultzatuz, festa giroa nagusi izan Korrikak herrian egin dituen kilometroetan.

Zalantza gutxi zegoen, baina Azpeitiak eta azpeitiarrek harrera beroa egin diote beste behin Korrikari. Euskararen aldeko aldarria uholde bihurtuta igaro da herritik, eta eguzkiak ere harrera egin dio euskararen aldeko lasterketari.

Aurreikusitako orduarekiko hamar bat minutuko atzerapenarekin iritsi da 22. Korrika herrira. Errezilgo partetik hasita zituzten kilometroak hartuta Azpeitiko eragile, talde, enpresa eta gainerakoek, eta Gazteko biribilgunetik Landeta hiribidera iritsi denerako jendetzak osatzen zuen lekukoaren eta pankarta nagusiaren atzeko segizioa.

Erdigunera hurbildu ahala, are indartsuagoa bihurtzen joan da marea, gero eta jendetsuagoa segizioa. Eta horrela joan da Azkoitia aldera Korrika, lekukoa eskutik eskura eta irribarreak, emozioak, kantuak eta aldarriak ozen, bi urte barru itzultzeko.