Pirinioetako Bidea egitasmoan izena ematera animatu ditu Gure Eskuk herritarrak

Azpeitiari Larhun mendia argiztatzea egokitu zaio. (Mendikat)

Uztailaren 2an, Pirinioetako 300 tontor argiztatuko dituzte, Euskal Herria eta Katalunia lotuz. Autodeterminazio eskubidearen aldarria lau haizetara zabaltzea da ekintzaren helburua. Azpeitiari Larhun mendia argiztatzea tokatu zaio. Dena den, zailtasun handiagoko gailurren bat argiztatu nahi dutenek ere badute horretarako aukera. Zabalik dago izen ematea.

Pirinioetako Bidea egitasmoa aurkeztu zuten urtarrilean Gure Eskuk eta Kataluniako hainbat eragile sozialek –ANC eta FEEC dira sustatzaileak eta Omnium Cultural zein Artistes de la Republica laguntzaileak–. Autodeterminazio eskubidea lau haizetara zabaltzea da ekintzaren asmoa, eta horretarako, Pirinioetako 300 tontor argiztatuko dituzte uztailaren 2an, Hondarribiako (Gipuzkoa) Higer lurmuturretik Kataluniako Creus lurmuturrera argi lerro bat osatuz. "Pirinioetako Bidea argiztatuz, nazioarteko komunitatearen arreta geureganatuko dugu herrion autodeterminazio eskubidearen alde", azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek.

300 tontorretatik 115 euskal herritarrek argiztatuko dituzte; zehazki, Jaizkibel (Gipuzkoa) eta Benasque (Aragoi) artekoak. Gailur horiek, gainera, bitan bereizi dituzte: gailur berdeak izango dira batzuk, eta gailur gorriak besteak. Igoeraren eta jaitsieraren, ibilbidearen, maldaren eta sarbidearen ezaugarrien arabera egin dute bereizketa, eta antolatzaileek zehaztu dutenez, gailur berdeak herritar ia guztientzat dira irisgarriak. Gailur gorriak, berriz, zailtasun handiagoko tontorrak dira, "eskarmentu handiko mendizaleentzat" egokiak.

Gailur berdeak Euskal Herriko herrien artean banatu dituzte, eta Azpeitiko biztanleek mendi jakin batera igo beharko dute uztailaren 2an: Larhunera (905 metro), hain zuzen ere. Lapurdiko mendi horretara joango dira, azpeitiarrak ez ezik, errezildarrak eta beizamarrak ere. Dena den, hala nahi dutenek gailur gorrietan izena emateko aukera ere badute, eta antolatzaileek azaldu dutenez, dagoeneko mendi batzuetan bete da izen ematea.

Lokala, hilabete lehenago

Gailur berdeetan nahiz gorrietan izena eman nahi dutenek lotura honetan dute horretarako aukera, eta antolatzaileek herritarrak animatu dituzte egitasmoan parte hartzera. Dena den, ekaina aldean, Gure Eskuk lokala zabalduko du Azpeitian, eta izen ematea aurrez aurre egiteko aukera eskainiko dute bertan.

Pirinioetako Bidearen antolatzaileek esan dutenez, egitasmoaren egunean mezu argia bidaliko dute Pirinioetatik mundura: "Katalanek eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide