Apirilaren 7an egingo dituzte kirol eta parekidetasun teknikari nahiz arkitekto tekniko lanpostuetarako azterketak

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 30a, 14:42
Brigadako langileen oposizio azterketako artxibo irudia.

Hiru lanpostuetarako gaitegi orokorrari buruzko ariketa teorikoak egingo dituzte apirilaren 7an. Guztira, 138 pertsona daude deituta azterketetara, eta proba 10:00etan hasiko da, Izarraitz pilotalekuan.

Azpeitiko Udaleko kirol ekintzen teknikari, parekidetasun teknikari eta arkitektu-tekniko plazak oposizio-lehiaketa bidez betetzeko hautaketa-prozesuak martxan daude, iazko abenduan izen-ematea ireki ostean. Udalak gaur jakinarazi duenez, martxoaren 24an argitaratu ziren hiru hautaketa-prozesuetako azterketetako behin betiko onartu eta baztertuen zerrendak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta hiru prozesuetako lehen azterketak, apirilaren 7an, izango dira, 10:00etan hasita, Izarraitz pilotalekuan. 

Apirilaren 7ko azterketan, hiru lanpostuetarako gaitegi orokorrari buruzko ariketa teorikoa egingo dute azterketara bertaratzen direnek. Guztira, 138 pertsona daude deituta azterketetara, eta horiei 09:30ean irekiko dizkiete ateak. Azterketa egitera doazenek ezinbestean erakutsi beharko dute NANa, probara sartzean.