Emozioz betetako ekitaldi batekin gogoratu dute Pasaiako segadaren 38. urteurrena

Anartz Izagirre 2022ko mar. 27a, 11:05

Pasaiako segadan hildako Kurroren eta Pelitxoren senideez gain, Jon Maia bertsolariak eta Joseba Sarrionandia idazleak parte hartu zuten atzo, zapatua, Pasaia Argitu taldeak antolatuta Azoka Plazan egin zuten ekitaldian. Beste urtez batez, gertatutakoa lehenbailehen argitzeko eskatu dute senideek.

38 urte bete dira hilabete honetan Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Pasaian (Gipuzkoa) Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztenetik. Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak izan ziren gertaera horretan hil zituzten lau kideak. Gertaera jazo zen egun berean, martxoaren 22an, lore eskaintza eta omenaldia egin zieten hildakoei Enparan Dorretxearen atzealdean dagoen monolitoan, eta atzo, zapatua, ekitaldi hunkigarri eta gogoangarri baten bitartez berriro gogoratu zituzten laurak, Azoka plaza leporaino beteta zela.

Aurtengo urtemugan, besteak beste, tortura lekukotzek izan dute protagonismoa Pasaiako segada oroitzeko ekitaldi nagusian. Rosa Jimeno bahitu eta torturatu zuten sarraskia prestatzeko, eta haren lekukotza entzun ahal izan zen bideoan. Horrez gain, Pelitxo zenaren anaiak ere berak bizi izandako torturaren lekukotza kontatu zuen ekitaldian. "Gure historia ukatu nahi digute, eta biktimak besteak direla diote; haiek sufrituko zuten, baina guk ere bai. Hau da gure familiaren historia eta Euskal Herriko beste hainbatena ere bai. Ez dugu ahaztu behar", azaldu zuen.

Bestalde, Jon Maiaren bertsoak eta Joseba Sarrionandiaren hitzak entzun ahal izan ziren atzoko ekitaldian, eta biek ala biek, Pasaiako sarraskia eta gertaera hartan izandako hildakoak izan zituzten gogoan beren hitzetan.

Senideen eskaerak

Ekitaldia borobiltzeko, berriz, Pelitxoren arreba Arantxa Isart eta Kurroren anaia Peio Aizpuru igo ziren Azoka Plazako agertokira. Isartek beren aitonaren kasua plazaratu zuen herritarren aurrean, eta gogorarazi zuen 80 urte behar izan dituztela hura Erorien Haranean lurperatuta zegoela jakiteko; urte luzez haren historia jakin gabe egon dira senideak. Ildo horretatik, trantsizio garaiko uneak gogoratu zituen Isartek, eta gogoratu zuen Franco diktadorearen heriotzak ez zuela aldaketarik eragin Euskal Herrian. Aitonarekin gertatu bezala, Pelitxoren eta Pasaian hildako beste lau kideen kasua argitzeko beste 40 urte pasatu behar al diren galdetu zuen hitzartzearen amaieran Isartek.

Aizpuruk, berriz, Josu Zabala Basajaun ETAko kidearen kasua izan zuen gogoan hasieran. Atzo 25 urte bete ziren hura Mendatan (Deba, Gipuzkoa) hilda agertu zenetik. Kasu hura ere "oso iluna" izan zela gogorarazi zuen Aizpuruk, eta "argitzeko" dagoela oraindik. Bestalde, Pasaiako segada gertatu zenetik 38 urte pasatu direla eta beraien sentimenduak "berberak" direla jakinarazi zuen Aizpuruk. "Amorrua eta inpotentzia. Eusko Jaurlaritzatik hitz ederrak bakarrik jaso ditugu, esan ziguten lege bat behar zutela babesa emateko, eta lege hori onartu zuten. 2019. urtean eskaera egin genuen Pasaiako sarraskiaren kasua ikertu zedin. Ia hiru urte pasatu dira eta ez dugu erantzunik jaso", adierazi zuen. "Zer gehiago behar dute?" galdetu zuen Aizpuruk jendaurrean, ozen.