Maxwell Kortek eta Caroline Jebet nagusitu dira Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian

Ane Olaizola eta Anartz Izagirre 2022ko mar. 26a, 21:12

Hiru urteko etenaren ostean, gaur arratsaldean jokatu dute Azkoita-Azpeitia maratoi erdiaren XXIX. edizioa, eta gaurko albiste esanguratsuenetariko bat Caroline Jebet keniarrak eman du, nesken sailkapenean lehen postua erdiesteaz gain probaren marka hautsi baitu. Mutilen sailkapen orokorrean lehen sailkatua, berriz, Maxwell Kortek izan da. Bestalde, proba motza ere jokatu da gaurkoan, eta Eneritz Aramendi azpeitiarra izan da nesketan lehen sailkatua, marka berria ezarrita.

Aupa! leloarekin iritsi da hiru urteren ostean Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren XXIX. edizioa, eta eguraldi bikaina lagun, giro ederra nagusitu da Azkoitian hasi eta Azpeitian amaitu den lasterketan. Gaurko maratoi erdiak, bero handiaz gain, bi izen handi utzi ditu: Maxwell Kortek mutilen sailkapen nagusian eta Caroline Jebet nesken sailkapenean. Kortekek ordubete eta 44 segundo behar izan ditu proba amaitzeko, eta ugandarrak oso gertu ibili du helmugan John Ewoi Kametho bigarren sailkatua, hamahiru segundoko aldea soilik atera baitio. Apur bat beranduago iritsi da Abegnego Cheruiyot; hark egindako denbora 01:01:05 izan da. Nesken sailkapenean, berriz, nagusi izan da Caroline Jebet, eta, gainera, orain arte ezarritako marka hautsi du Keniako atletak —01:07:57 denbora egin du—. Bigarren sailkatua, berriz, Anchinalu Genaneh izan da (01:08:53), eta, hirugarrena, Aynadis Tadesse (01:09:29).

Era beran, Gipuzkoako Txapelketa ere jokatu dute gaurkoan, eta mutilen sailkapenean Imanol Larrañaga azkoitiarra izan da jaun eta jabe. 01:09:40 izan da hark egin duen denbora, eta ia bi minutu geroago heldu da bigarren Guillermo Vahl bigarren sailkatua (01:11:21). Larrañagak, gainera, beteranoetan lehen postua erdietsi du, eta proba amaitu duen lehen azkoitiarra ere izan da; beraz, hiru izendapen politsikoratu ditu gaurko proban. Nesken Gipuzkoako Txapelketan, bestalde, Eva Esnaola izan da garailea (01:35:55), eta Alazne Mujika bigarrena (01:42:08). Beteranoetan nesken sailkapenean, berriz, Maria Isabel Sixto izan da garailea, 01:24:52 denbora eginda.

Herriko atleta lasterrenen berri ere eman ohi dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian, eta gaurkoan Jon Odriozola (01:15:59) eta Ane Alberdi (01:29:36) izan dira azpeitiar azkarrenak. Hala eta guztiz, esanguratsua izan da Aitor Mimenza Azpeitiko bizilagunak egindako denbora ere, sailkapen orokorrean zortzigarren izan baita, 01:07:53 denbora eginda. Azkoitiar lasterrenen kasuan, berriz, Imanol Larrañagaz gain, Mari Carmen Seijas izan da txapeldun (01:40:23). Bestalde, mutilen handbike proba Ion Galarraga bidaniarrak irabazi du, proba 53 minututan eta 40 segundotan amaituta.

Proba motza ere bai

Maratoi erdia hasi aurretik, ordea, ohiko proba motzean parte hartu duten korrikalariak abiatu dira Azkoititik, 16:15ean, eta mutilen sailkapenean Imanol Rojo tolosarra izan da jaun eta jabe (00:26:07). Gertu ibili ditu Jokin Bellido oriotarra (00:26:42) eta Iñigo Garcia iruindarra ere (00:27:00). Nesken sailkapenean, berriz, marka hautsita erakustaldi bikaina eskaini du Eneritz Aramendik (00:33:30). Bigarren postua ere Azpeitian gelditu da, Uxue Ortega izan baita heltzen hurrena (00:35:28). Hirugarren, berriz, Maria Tatiana Mujika izan da (00:36:24).

Antolatzaileak "gustura" daudela adierazi dute Azkoitia-Azpeitiaren XXIX. edizioak izan duen harrerarekin, eta "proba polita" izan dela nabarmendu dute; halere, proban zehar beroa eta haize gogorra nagusitu direla azpimarratu dute, batez ere Azkoitian.

Honako lotura honetan kontsulta daiteke maratoi erdiko sailkapen orokorra, eta beste honetan, proba motzarena.