Ipuin kontaketa eginda, giro politean aurkeztu dute 'Ametsen etorrera' liburua

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 25a, 18:53

Felipe Murillok idatzi eta Olatz Alkortak ilustratutako liburua da Ametsen etorrera, Azpeitia balio hezitzaileen bidez ezagutarazteko ipuina. Gaur arratsaldean egin dute aurkezpena, liburutegi aurrean egindako ekitaldian. Bertaratutako haurrak adi-adi zirela, labetik atera berri duten ipuina kontatu du Murillok, eta giro polita sortu da. 

Labetik atera berri dute Ametsen etorrera liburua. Gaur arratsaldean aurkeztu dute Azpeitiko haurrei zuzendutako ipuina liburutegiaren atarian egindako ekitaldian. Herrian erroldatzen diren haur jaioberriei Azpeitia balio hezitzaileen bidez ezagutarazteko ipuina da Ametsen etorrera, eta Azpeitiko Udalak sustatu du. Felipe Murillok idatzi du ipuina, eta ilustrazioak, berriz, Olatz Alkortak egin ditu. Gaurko ekitaldian izan dira Murillo eta Alkorta, baita Azpeitiko alkate Nagore Alkorta ere, eta haien adierazpenekin hasi da gaurko aurkezpena. Gogoratu dute, Azpeitia Herri Hezitzailea izareta begira lanean ari direla, eta Ametsen etorrera liburua bide horretan egindako beste urrats bat dela. Ondoren, liburuaren ipuin kontaketa egin du Murillok, bertaratutako haurrak adi-adi zirela.  

Aurkezpena 17:30ean hasi da, eta ordurako jende ugari zegoen bilduta liburutegi aurrean, ekitaldia noiz hasiko. Haurrek zein gurasoek gustura entzun dituzte Ametsen etorrerako pasarteak, eguraldia lagun. Kontakizunaren ostean, txokolatada egin dute liburutegiaren atarian bertan, eta giro polita sortu da. Gainera, bertaratu diren guztiei ipuin bana eman diete, opari. 

Pandemia iritsi aurretik hasi ziren egitasmoari forma ematen, baina kontuak kontu, duela gutxi amaitu dute proiektua. Hori dela eta, mimoz prestatu nahi izan dute aurkezpen ekitaldia, sortutakoa haurrekin partekatu ahal izateko. 

Liburua, herritarren eskura

Azpeitian jaiotzen diren haur guztien familiek jasoko dute aurrerantzean ipuina, umea erroldatzera udaletxera joaten direnean. Gainera, Gazte Informazio Bulegoan ere eskuratu ahal izango dute herritar guztiek, bost euroren trukean.