Pasaiako segadaren nondik norakoen inguruko panela jarri dute Donejakue kalean

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 25a, 09:29

Panela Berria egunkariak osatutako infografian oinarritzen da, eta gertakizunaren, tiroketen nahiz fusilatzearen inguruko xehetasunak jasotzen ditu. 38. urteurrenaren bueltan antolatutako ekintzen baitan jarri dute panela, Pasaia Argitu taldearen ekimenez.

Pasaiako segadaren nondik norakoak kontatzen dituen panela jarri dute Donejakue kalean, gertaerak argitzeko eskatzen duen muralaren parean. Herenegun, hilak 22, jarri zuten panel berria, Pasaia Argitu taldearen ekimenez. Panela Berria egunkariak osatutako infografian oinarritzen da, eta gertakizunaren, tiroketen nahiz fusilatzearen inguruko xehetasunak jasotzen ditu.

Hain zuzen, Pasaiako segadaren 38. urteurrenaren bueltako ekintzen harira jarri dute panela. Izan ere, asteartean, martxoaren 22an, 38 urte bete ziren Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Pasaian (Gipuzkoa) Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztenetik. Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak izan ziren gertaera horretan hil zituzten lau kideak, eta urtero bezala, haien oroimenez askotariko ekitaldiak egin dituzte egunotan. Martxoaren 22an lore eskaintza egin zuten Enparan Dorretxe atzean Pasaiako segadan hildakoen oroimenez jarritako monolitoan.

Horrez gain, ikusgai dago Pasaiako sarraskiaren nondik norakoak azaltzen dituen erakusketa ere Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan; larunbata bitartean izango da ikusgai, honako ordutegi honetan: astegunetan, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara.

Bihar, larunbatez, egingo dute urteurreneko ekitaldi nagusia Azoka Plazan, 19:00etan. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Pasaian eraildakoen senideek, Jon Maiak bertsolariak, Joseba Sarrionandia idazleak eta Haritz Unamuno Deskontrol taldeko abeslari ohiak.