Pasaiako segadan hildakoei lore eskaintza egin diete monolitoan

Anartz Izagirre 2022ko mar. 22a, 20:00

38 urte bete dira gaur, martxoak 22, Pasaian (Gipuzkoa) Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztenetik, eta haiek oroitzeko ekitaldia egin dute senideek, lagunek eta hainbat herritarrek Enparan Dorretxearen atzealdeko monolitoan. Bestalde, larunbatean aurtengo ekitaldi nagusia egingo dute Azoka Plazan, 19:00etan hasita.

Martxoaren 22a da gaur, asteartea, eta 38 urte bete dira Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Pasaian (Gipuzkoa) Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztenetik. Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak izan ziren gertaera horretan hil zituzten lau kideak, eta urtero bezala, haiek oroitzeko ekitaldia egin dute Enparan Dorretxearen atzean dagoen monolitoan.

Pasaia Argituren ekitaldian izan dira Kurroren eta Pelitxoren senideak, eta dozenaka herritar izan dituzte inguruan babesa helarazten. Hasteko, aurreskua egin diote Pasaiako segadan hildako azpeitiarren senideei, eta lore sorta bana eman diote senide bakoitzari. Ondoren, lore bana utzi dute senideek monolitoan, jendearen txalo zaparrada artean.

Peio Aizpuruk —Kurroren anaia— segadan hildakoak izan ditu gogoan, eta bere hitzartzean "epaitegietatik berririk ez" dutela salatu du. Era berean, Eusko Jaurlaritzak Pasaian hildakoei oraindik ez dietela aitortzarik egin azaldu du Aizpuruk, eta ez dutela ulertzen zerren zain dagoen erakundea. Pasaiako sarraskia argitzeko, bestalde, "herrian lanketa" egitea tokatzen dela azaldu du azpeitiarrak: "Martxoaren 22a entzutean belaunaldi berriek Pasaiako sarraskia gogoan izatea da gure erronka, hildakoak ez daitezen ahaztuta gelditu".

Larunbatean, ekitaldi nagusia

Gaurko lore eskaintzaz gain, ekitaldi nagusia antolatu du Pasaia Argitu taldeak larunbaterako, eta, bertan, torturaren gaian sakonduko dute. Ekitaldi horretan, besteak beste, Pasaiako segadan hildakoen senideek, Jon Maia bertsolariak eta Joseba Sarrionandia idazleak parte hartuko dute. Azoka Plazan egingo dute urtemugako ekitaldi nagusia, 19:00etan hasita.

Horrez gain, ikusgai dago Pasaiako sarraskiaren nondik norakoak azaltzen dituen erakusketa ere Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan; larunbata bitartean izango da ikusgai, honako ordutegi honetan: astegunetan, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara.

Erlazionatuak