Gipuzkoako Bazkundearen 10 Bitxiak saria jaso du Arrospide Oinetakoak saltokiak

Andoni Elduaien 2022ko mar. 22a, 14:47
Arrospide Oinetakoak saltokiko ordezkariak, sari banaketa ekitaldian. (Herrixen)

Joan den ostiralean jaso zuen saltokiak Urola Kosta eskualdeari dagokion saria. Diploma bat eta oroigarria eman zizkieten saltokiko ordezkariei.

Arrospide Oinetakoak saltokiak Gipuzkoako Merkataritza Bazkundearen 10 Bitxiak sarietako bat jaso du. Erakundeak Gipuzkoako hamar saltoki saritu zituen joan den ostiralean, eta horien artean Azpeitian eta Azkoitian saltoki bana duen Arrospide.

Saltokiak Urola Kosta eskualdeari dagokion bitxia jaso zuen. Saria Gipuzkoako Merkataritza Enpresa Sarien ekitaldian banatu zituzten, eta han izan ziren Arrospide saltokiko ordezkariak; diploma bat eta oroigarria jaso zituzten saltokia kudeatzen duten bi ahizpek. Beraien "egitekoa, bezeroekiko jarrera nahiz arreta zoragarria eta herriari ematen dioten distira" aitortu zizkioten oinetakoen saltokiari.