Hezkuntza erreformen kontra, grebara deitu ditu ikasleak Urola Erdiko IAk

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 19a, 11:00
Urola Ediko IAko kideak. (IA)

"Oharkabean ezartzen ari diren hezkuntza erreformak salatzeko eta doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntza ereduaren defentsan" mobilizatuko dira martxoaren 24an. Mobilizazio nagusiak hiriburuetan egingo dituzte, eta Azpeititik manifestaziora joateko autobusa antolatu dute. Asteartean itxiko dute izen ematea.

Duele hilabete inguru jakinarazi zuen Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak ikasle greba deitu zuela martxoaren 24rako Hezkuntza erreformak gelditu lelopean. Asteetan zehar hezigunez hezigune lanketak egin ostean, Urola Erdiko IAk ere grebara deitu ditu Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako ikasleak. Hain zuzen, "oharkabean aplikatzen ari diren hezkuntza erreformak" salatzeko eta "doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala" izango den hezkuntza eredua aldarrikatzeko mobilizatuko dira hilaren 24an. 

Ikasle Abertzaleek salatu dutenez, "oso gordina" da egun bizi duten errealitatea: "Ikasleok egungo hezkuntza sistemaren baitan bizi dugun errealitatea gordina da oso, eta horren adierazle dira ebaluazio sistema itogarria, ikasleen erdia klase partikularretara joan beharra, hezkuntzako zerbitzuen murrizketak, ikasketak aurrera eramateko kostu ekonomiko altuak –batez beste hezkuntza publikoan 664 euroko gastuak urtero–, hezkuntza publikoan geroz eta txikiagoa den inbertsioa…". Horrez gain pandemiak eraginda larriagotu diren zenbait auzi jarri dituzte mahaigainean. "Egoera latz hori pandemiak areagotatutako krisialdi testuinguruan kokatu behar dugu, non ikasleon ikas-baldintzak okertu eta arazo psikologiko eta emozionalak gero eta gehiago hedatu diren; horren adibide da Bigarren Hezkuntzako ikasleen %15ak antsietatea jasaten dutela", adierazi dute IAko kideek.

"Hezkuntza sistema osoa erreforma ziklo batean murgilduta" dagoela salatu dute Ikasle Abertzaleek, eta hor kokatu dituzte zikloetako erreformak: "Bigarren Hezkuntzan LOMLOE, unibertsitatean LOSU eta Lanbide Heziketan LH Plana aplikatzen ari dira. LOMLOE LOMCEk utzi zituen ondorioak konpontzera datorren lege aurrerakoi gisa aurkeztu dituguten arren, inondik inora ez die hezkuntzaren erroko arazoei konponbiderik ematen, azaleko aldaketak baino ez baititu egiten legeak". Erreformen aurrean, Ikasle Abertzaleak antolakundeak "erroko aldaketak" egitearen beharra azpimarratu du, eta bide horretan lanean jarraitzeko eta mobilizatzeko deia egin die ikasleei. "Erreformez harago, hezkuntzako egiturazko arazoak gaindituko dituen bestelako hezkuntza eredua eraikitzea posible da, eta bide horri gaurdanik ekin behar diogu. Ez gara ogi apurrekin konformatuko, eta erroko aldaketak behar direla aldarrikatuko dugu. Hortaz, dei egiten dugu martxoaren 24ean kaleak hartzera".

Martxoaren 24an mobilizazioak deitu dituzte hiriburuetan, eta eskualdeko ikasleak Donostiako manifestaziora bertaratuko dira. Hori dela eta, Urola Erdiko IAk autobusa antolatu du. Mobilizaziora joan nahi dutenek IAko kideekin harremanetan jarrita edo Haginpe tabernan izena emanda egin dezakete autobuserako izen-ematea. Asteartera arte egongo da zabalik autobusean izena emateko epea. 

Ezin pankartarik jarri

Urola Erdiko Ikasle Abertzaleek askotariko ekintzak egin dituzte azken asteotan eskualdeko ikasleak mobilizatzera deitzeko. Propaganda ere egin dute kalean, eta atzo, ostirala, izandako gertakari bat salatu dute sare sozialetan.

"Atzo goizean, Urola Ikastolako Batxilergoko 2. mailako ikasleok ikasten dugun eraikinean –Perretxikoko eraikina– pankarta bat jarri genuen martxoaren 24 ko grebaren harira, lehenago egin izan dugun bezala. Atzokoan, ordea, pankarta jarri orduko, Udaltzaingoa bertaratu zen ikastetxe kanpora, eta ertzainei deitu zioten. Ertzaintza bertaratu zenean, ikastetxean pankartarik jarri ezin genuela esan zigun, modu oldarkorrean", azaldu dute IAko kideek. Hori ez ezik, mehatxua egin zietela ere jakinarazi dute: "Gainera, pankarta kentzen ez bagenuen ikastetxeari salaketa jarriko ziotela mehatxua egin ziguten. Hori guztia justifikatzeko esan ziguten udalaren eraikin baten aurrealdean ezin dugula pankartarik jarri". Gertaera horiek "askatasun politikoen aurkako eraso" gisa hartu dituzte IAko kideek, eta azpimarratu dute ikasleak grebara deitzeko lanean jarraituko dutela.

Perretxikoko eraikinean jarri zuten pankarta. (IA)