Enpresa txikietan eta ertainetan ekonomia zirkularra bultzatzeko proiektua abiatu du Iraurgi Berritzenek

Anartz Izagirre 2022ko mar. 18a, 15:12

Eusko Jaurlaritzaren eta enpresa eragileen arteko lankidetza hitzarmenaren fruitua izan da ekonomia zirkularra sustatzea oinarri duen programa, eta Iraurgi Berritzenek martxoaren 23an, asteazkena, egingo du lehen saioa Basazabal jauregian. Interesa duten enpresek irekita dute dagoeneko izena emateko epea.

Enpresa txikiei eta ertainei laguntzeko ekonomia zirkularreko programa aurkeztu berri du Eusko Jaurlaritzak Ihobe eta Spri erakunde publikoen bitartez, eta programa horren bitartez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 500 enpresa mobilizatu nahi dituzte Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategian aurrera egiteko. Helburu hori lortzeko dagoeneko 22 eragile batu dira programara, eta horien artean dago Iraurgi Berritzen garapen eta berrikuntza agentzia, Urola Erdiko enpresa txikietan eta ertainetan ekonomia zirkularra bultzatzeko xedez.

Eusko Jaurlaritzak, Ihobe sozietate publikoaren bitartez, 2021. urtean jarri zuen martxan programa hori finantzatzeko lehenengo jarduera: enpresa txikietan nahiz ertainetan ekonomia zirkularreko metodoak eta jarduerak bultzatzeko berariazko laguntza lerroa, ikuspegiak eta ikaskuntzak partekatuko diren talde proiektuak sustatzeko. Laguntza horri esker hamabi proiektu esleitu dizkiete bederatzi eragileri, eta Iraurgi Berritzen izan da bederatzi horietatik garapen agentzia bakarra.

Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentziak landuko duen proiektuari esker, martxoaren 23an, asteazkena, egingo dute lehen saioa Basazabal jauregian. Proiektu horren bitartez eskualdeko makineria eta ekipoen sektoreko enpresa txikiek eta ertainek eraldaketa ekologikoan eta ekonomia zirkularrean pauso berriak eman ditzaten nahi dute, eta helburu nagusia ekonomia zirkularrari lotutako aukerak eta merkatu nitxo berriak identifikatzea, baloratzea eta lehenestea da, baita aukera horiek bultzatzeko enpresen ekintza plan indibidualak sortzea ere.

Basazabalen egingo duten saioan ingurumenari lotutako erronkak eta aukerak landuko dituzte, baita programaren helburuak, metodologia zein egutegiak ere. Horrez gain, saioan parte hartzen dutenek aukera ere izango dute Domusa eta Erlo Group enpresek ekonomia zirkularrean duten esperientzia eta praktika ezagutzeko.

Saioan eta programan interesa dutenek 943-85 11 00 telefono zenbakira deitu behar dute, edo info@iraurgiberritzen.eus helbide elektronikora mezu bat bidali.