Zabalik da Pasaiako sarraskiaren inguruko erakusketa

Ihintza Elustondo 2022ko mar. 18a, 18:30
Foru Ibilbideko udalaren aretoan dago ikusgai erakusketa. (Pasaia Argitu)

Pasaia Argituk gertaeren nondik norakoak azaltzen dituen erakusketa ireki du Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan. Martxoaren 26ra arte izango da ikusgai.

Pasaiako sarraskiaren inguruko erakusketa ireki dute Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan. Pasaiako hilketen 38. urteurreneko ekitaldien barruan zabaldu du Pasaia Argituk gertaeren nondik norakoak azaltzen dituen erakusketa. Gaurtik –ostirala– martxoaren 26ra bitartean izango da ikusgai, honako ordutegi honetan: astegunetan, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara.

Beste hainbat ekitaldi

Pasaiako segadaren harira, beste hainbat ekitaldi antolatu ditu Pasaia Argituk. Batetik, oroimen ekitaldia egingo dute martxoaren 22an –sarraskiaren urteurren egunean–, 19:00etan, Enparan Dorretxearen atzeko monolitoaren parean. Bestetik, martxoaren 26an egingo dute ekitaldi nagusia, 19:00etan, Azoka Plazan. Beste urte batez, Pasaiako sarraskia argitzeko eskatuko dute, eta torturaren aurkako aldarria ere egingo dute. Ekitaldian parte hartuko dute, besteak beste, Pasaiko sarraskian hildakoen senideek, Jon Maia bertsolariak eta Joseba Sarrionandia idazleak. 

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, bestalde, ekitaldi bat antolatu du biharko, Pasaiako segadari lotuta. Hain zuzen ere, ekitaldi politikoa egingo dute, 13:00etan, Esklabetan, eta ondoren, luntxa izango da. Kontseilu Sozialistak adierazi du "Pasaiako sarraskia estatu kapitalistak militante politiko iraultzaileen aurka erabiltzen duen basakeriaren kasu paradigmatikoa" dela. Segadaren urteurrenari lotuta, gogora ekarri nahi dituzte "borrokan bizia eman zuten iraultzaile guztiak, eta bereziki, haien konpromiso militantea eta borrokaren zilegitasuna".