Esther LarraƱaga eta Maria Jesus Aranburu

"Orduan ez ginen kontziente hazi lana egiten ari ginela"

Ane Olaizola 2022ko mar. 17a, 16:30

Azken hamarkadetan politikagintzan bidea urratu duten hemezortzi emakumek Gipuzkoako Foru Aldundiaren aitortza jaso dute, tartean Esther Larrañagak eta Maria Jesus Aranburuk.

Politikagintzan aitzindariak dira biak: Esther Larrañaga (Azpeitia, 1960) Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehen emakume presidente izan zen, eta Maria Jesus Aranburu (Azpeitia, 1948), Gipuzkoako lehen foru diputatua. Biek ala biek "pozik" jaso dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren aitortza. "Balio izan du berriz gogoratzeko, merezi izan zuelako".

Biok izan zarete lehen emakumeak kargu publiko batean. Nola oroitzen duzue hasiera?

Maria Jesus Aranburu: Kargu hartara iristea ezusteko handia izan zen, baina ibilbide bat egina nuen; etxean, amona zein ama aurrera egitekoak izan ziren beti, eta guk hori bizi izan genuen. Aurretik, ikastolen mugimenduan ibilitakoa eta zinegotzi lanetan aritutakoa ere banintzen; ohituta nengoen martxa horretara. 1991ko udan, Kultura diputatu izatea proposatu zidaten. "Zergatik ez?", galdetu nion nire buruari. Ordurako seme-alabek 16 eta 19 urte zituzten, eta senarrarekin hitz egin nuen; haren babes osoa nuen. Etxekoen laguntzarik gabe, ezin da halako leku batean hasi.

Esther Larrañaga: Eusko Legebiltzarrean nengoen ni, eta alderdiak [EAJ] proposatu zidan Batzar Nagusietarako zerrendan sartzea. Egoeraz jabetzeko denbora eman zidan horrek; bertigo dezente izan nuen, eta nik ere familiaren babes osoa jaso nuen. Oso ume txikiak nituen, eta senarragatik izan ez balitz, ezin izango nukeen egin. Uste dut emakume gehienok behin eta berriz galdetzen dugula: "Eta gai izango al naiz?". Nik ere galdera hori egiten nuen. Astia izan nuen asimilatzeko, baina ez nintzen jabetzen Gipuzkoako Batzar Nagusietako aurreneko emakume presidentea nintzenik. Nahiago nukeen aurretik beste emakume batzuk egon izan balira.

90eko hamarkadan hartu zenuten kargua. Garai hartan, zer arnasten zen erakunde horietan?

E.L.: Batzar Nagusietan, guztiak ziren gizonezkoak. Batetik, eguneroko prozeduran aritzen nintzen, eta bestetik, mahai taldearekin egiten nuen lan; han hiru gizon eta bi emakume geunden. Arabako eta Bizkaiko batzar nagusietako presidenteekin biltzen nintzenean ere, biak ziren gizonezkoak. Bestalde, hartu-eman estua nuen diputatu nagusiarekin. Bat baino gehiagok uste zuen Romanen [Sudupe] emaztea nintzela.

M.J.A.: Edozein bileratara joan, eta gorbatak besterik ez genituen ikusten. Aldundian, Gema Zabaleta sozialista eta ni ginen emakumezko diputatuak, eta uste dut besteek adina maila erakutsi genuela. Gizonezkoen munduan sartu ginen. Gerora ohartu ginen bide baten hasiera egin genuela.

Zer eragozpeni egin behar izan zenien aurre?

M.J.A.: Emakume izateagatik, begiradak sumatu nituen zenbait lekutan. Hainbat unetan, ohartzen erakundeetan zeuden gizonezko haien emazteak nituela mahaiko kide. Halakoetan, pertsona bat arduratzen zen diputatua nintzela eta ez nintzela hango inoren emazte esateaz. Halako gauzatxo batzuk izan nituen. Aldundian, diputatuon kontseilua izaten genuen astero, eta bi emakume besterik ez geunden. Batek baino gehiagok ezustekoa hartu zuten bi emakumeok kudeaketarako zein eztabaidarako zer ahalmen eta indar genuen ikusita. Baina hilabete batzuen bueltan, guztiok ginen ardura politikoak genituen politikariak; inork ez zezala egin txiste txarrik, badaezpada ere. Gure presentziak, gainera, beste emakume batzuei indarra eman ziela uste dut. Garai hartako emakumeok erakutsi genuen ez ginela besteak baino gutxiago, ezta gehiago ere.

E.L.: Batzar Nagusietan, erabateko errespetua sentitu nuen nik, eta zentzu horretan, ez nuen sumatu niganako mesfidantzarik. Hiru gizon nituen mahaian, eta kolaboratzaile handiak izan ziren. Ez nuen eragozpenik izan, eta izan nituenak, kontziliazioari lotutakoak izan ziren, baina haiek ez ziren jabetzen. Esaterako, ezohiko konturen bat suertatzen bazen, bilera 19:00etan egitea proposatzen zuten. Ume txikiak izanik, saiatzen nintzen, ahal zen neurrian, espazio eta ordutegi batzuetan egiten horiek. Une hartan, ordea, ez nintzen kontziente hazi lana egiten ari nintzela; egin nuen lan txiki horrek balio izan bazuen beste batzuei ateak irekitzeko, bikain. Egun, emakumezko gazteek formakuntza handia dute, eta orduko kontziliazioa ezin da alderatu oraingoarekin. Haiek gizartearen babesa dute orain, eta beraz, aukera handia ere bai.

Kontziliazioa aipatu duzue, eta omenaldia jaso duzuenok ere presente duzue hori Aldundiak egindako dokumentalean.

E.L.: Garai hartan, zeuk topatu behar zenuen kontziliazioa, eta ahal zenuen moduan, gainera. Kontziliazio gaiak askoz landuagoak daude egun. Aurreneko umea izan eta hogei egunera lanean ari nintzen ni. Orain, hori ez nuke egingo inondik inora, baina orduan egin egin nuen, eta kontzientzia garbi eduki nuen.

M.J.A.: Beste garai batzuk ziren. Familia izan eta pare bat astera lanera joaten ginen. Bizitza horrela zen, baina zorionez, guztiok egin dugu aldatzeko ahalegina. Emakumea gizonen munduan sartzeak badu abantaila bat: gertuko gizonak ohartzen dira emakumeek balio dutela. Izan ere, garai hartan, oso arraroa zen guk egin genuena. Oraindik orain, enpresetako zuzendaritza postuetan ere gehienak gizonak dira. Badaude emakumeak ere, baina oso gutxi. Bagoaz aurrera, baina poliki. Gurea hasiera bat izan zen, eta gure zirkulu txikian erakutsi genuen balio genuela; are gehiago, uste dut, batez ere negoziaketetan, beste gaitasun bat dugula emakumeok.

Emakumeei gehiago kostatzen al zaie ardura postuei eusteko aukerak hartzea?

E.L.: Unibertsitatean, esaterako, ikasle gehienak emakumezkoak dira, baina gero, sabaia jotzen dute; badago gure buruari jartzen diogun balazta bat. Iruditzen zait, emakumeoi gehiago kostatzen zaigula etxearen eta lanaren arteko oreka bilatzea. Baina egoera asko hobetu da.

M.J.A.: Nire ustez, bi dira emakumeak aginte postuetan ez egotearen arrazoiak: bata da geuk ez dugula horretarako pausorik ematen, eta bestea, berriz, gizonezko batek izendatzen dituela postu horretarako langileak. Emakumearen bilakaerarekin batera, gizonezkoarenak ere egon egin behar du. Gizonak bere erosotasunetik irteterakoan baino pauso gehiago eman ditu emakumeak, baina haiek ere ulertzen ari dira beren bikotekideek ere eduki dezaketela beraien adinako ibilbidea edo gehiago.

Politikagintzan emakumeen presentzia handiagoa da egun. Hortik harago, zer lortu dute emakume politikariek?

E.L.: Aurrerapauso handiak eman dira. Gizartea aldatzeko beren ikuspegia eman dute haiek, eta erabakiguneetan haien ikuspegia egotea aberasgarria da. Kontziliazio, abortu, berdintasun… legeak onartzea ere ez da kasualitatea. Aurretik sukaldeko lan asko egin da, eta emakumeak hor egon dira. Bideak hortik joan behar du.

M.J.A.: Gaur egun, inor ez litzateke ausartuko politikari bat, emakume izateagatik, zalantzan jartzen. Eta egingo balu, inguruak aurre egingo lioke. Bilakaera bat da hori ere, baita emakumeen lorpen bat ere.

Zer eman dizue politikak, eta zer kendu?

E.L.: Aukera eman dit harreman ugari egiteko eta ezezaguna zen mundu bat ezagutzeko. Beste modu batera erabakiak hartzeko, eta are gehiago, neure burua hobeto ezagutzeko bidea ere ireki zidan. Galdu, berriz, batez ere etxean eskaintzen ez nuen denbora.

M.J.A.: Nik ere gauza bera esango nuke. Gauza berri asko ikusi, eztabaidatu eta ikasi nituen. Kultura Sailean egonda, sortzaileen abaniko zabala ezagutu nuen, eta gure historia eta ondarea berreskuratzeko eta hari balioa emateko aukera izan genuen. Gizarte Zerbitzuetan ere egon nintzen, eta beste mundu bat ezagutu nuen han. Lasarten, ibai ertzean bizi ziren familia pobre ugari handik atera eta etxebizitzetan sartzea, hiesaren egoera negargarria ikustea edota hainbat zerbitzu berri martxan jartzea suertatu zitzaidan… Oso aberatsa izan zen; bizipen horiek betirako gelditzen dira zurekin.