Elizkaleko 24 eta 22 zenbakidun etxeak eraisten hasi dira

Julene Frantzesena 2022ko mar. 17a, 09:16
Gaur goizean hasi dira etxebizitzak botatzen. (Ihintza Elustondo)

Elizkaleko 24. zenbakia eraitsita, 22 zenbakidun eraikina ezegonkortzeko arriskua zegoela ikusi dute teknikariek. Horregatik, bi etxeak botatzea erabaki dute. Eraiste prozesua bizkortzeko, Azpeitiko Udalak bi eraikinen salerosketa adostu du.

Azken orduetan Elizkaleko 24. zenbakidun etxearekin eta haren ondoko eraikinekin –22. zenbakia– zer egin aztertzen aritu dira teknikariak eta udal ordezkariak, eta segurtasuna bermatzeko, bi etxeak eraistea erabaki du Azpeitiko Udalak.

Behin-behinean egonkor utzi zuten herenegun goizaldean erori zen etxea, arratsalde hartan bertan beste zati batzuk botatzeko lanak eginda, baina segurtasuna bermatzeko etxe hori eta haren ondorengoa ere botatzea erabaki dute. Izan ere 24. zenbakia eraitsita, 22. zenbakidun eraikina ezegonkortzeko arriskua zegoela ikusi dute teknikariek.

Eraiste prozesua bizkortzeko helburuz, Azpeitiko Udalak bi etxeak erosteko kontratua egin du –erakundeak Uztarriari azaldu dionez, lehendik hasita ziren bi eraikin horien salerosketa negoziatzen–; hau da, 24. eta 22. zenbakidun eraikinak, hain zuzen ere. Horrenbestez, eta "normaltasun egoerara ahalik eta azkarren" itzultzeko asmoz, gaur goizean bertan hasi dira horiek botatzen. Udalak Uztarria.eus-i adierazi dionez, larunbaterako aurreikusten dute eraiste lanak amaitzea.

24. zenbakiaz gain, 22.a ere eraitsiko dute. (I. E. )