Zabaldu dute Sare Eguneko krosean izena emateko epea

Julene Frantzesena 2022ko mar. 18a, 08:03
2019ko Sare Eguneko irudia.

Maiatzaren 21ean, larunbata, izango da Sare Eguna, eta 12:00etan egingo dute krosa. Dagoeneko aurrez izena emateko aukera dago Orkatzen nahiz Kirolprobak webgunean. Egunean bertan ere izango da proban izena emateko aukera.

Maiatzaren 21ean, zapatua, izango da aurtengo Sare Eguna, eta egun horren antolatzaileek dagoeneko zabaldu dute krosean izena emateko epea. Aurrez izena eman nahi dutenek Orkatz kultur elkartean edo Kirolprobak webgunean izango dute horretarako aukera, hamar euro ordainduta. Izena aurrez emateko azken eguna maiatzaren 19a izango da.

Lasterketaren egunean bertan ere izango da, baina, lasterketan izena emateko aukera. Plazan jarriko dute horretarako mahaia, 11:00etatik 11:30era bitartean, eta hamabi euro ordaindu beharko dute parte hartzaileek. Izena Internet bidez ematen duten herritarrek lasterketaren egunean jaso beharko dute dortsala, 11:00etatik 11:30era bitartean.

Plazan hasiko da Elkartasun Krosa, 12:00etan, eta korrikalariek hantxe bukatuko dute 5,6 kilometroko ibilbidea. Sarek adierazi duenez, lasterketa egiten duten herritar guztiek oparia jasoko dute, eta hamaiketakoaz gozatzeko aukera ere izango dute. Gainera, otarre bat zozkatuko dute lasterkari guztien artean. Horrez gain, Izarraitz pilotalekuan dutxatzeko aukera ere eskainiko dute.