Eraikina egonkortuta, bizilekuetara itzuli ahalko dute segurtasunagatik hustutako etxeetako bizilagunek

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 15a, 21:00

Goizean goizetik kezka piztu da Elizkalean; izan ere, 24. zenbakidun etxearen zati bat erori da bart, eta inguruko bi eraikinetan bizi diren hemezortzi lagun etxetik atera behar izan dituzte. Eraiste arriskua tarteko, eraikinaren zati batzuk bota dituzte arratsaldean. Uneotan kontrolpean dago egoera, behin-behinean. Horrenbestez, goizaldean etxetik atera dituzten herritarrek beren bizilekuetan igaro ahal izango dute gaua. Teknikoak bihar goizean elkartuko dira berriro egoera aztertzeko.

Goizean goizetik arreta puntua izan da Elizkalea; izan ere, 24. zenbakidun etxearen zati bat erori da goizaldean, eta inguruko bi eraikinetan bizi diren hemezortzi lagun etxetik atera behar izan dituzte eraiste arriskua tarteko. Hori dela eta, prebentzioz eta segurtasuna bermatzeko helburuz, eraikinaren zati batzuk bota dituzte gaur arratsaldean. Azpeitiko Udalak jakinarazi berri duenez, arratsaldean zehar egindako lanak tarteko, eraikina egonkortzea lortu dute, eta uneotan segurtasuna bermatuta dago behin-behinean. Horrenbestez, goizaldean segurtasunagatik hustutako etxeetako bizilagunek beren bizilekuetan igaro ahal izango dute gaua. 

Bart, 03:00ak aldera jauzi da Elizkaleko 24. zenbakidun etxearen zati bat kale aldera. Suhiltzaileek eta Udaltzaingoak berehala ezarri dute segurtasun perimetrala eremu horretan, eta kalearen zati bat itxita egon da egun osoan zehar. Inor ez zen bizi eraitsitako eraikinean, eta beraz, ez da inor zauritu. Dena den, inguruko bi eraikinetan bizi diren hemezortzi lagun etxetik atera behar izan dituzte goizaldean. 

14:30 aldera hasi dira eraikina egonkortzeko lanekin; izan ere, udalak hainbat neurri hartu ditu inguruaren segurtasuna ahalik eta azkarren bermatzeko. 16:30ak pasatxo hasi dira etxearen aurreneko zatia eraisteko lanekin, ondoren zurkaizte lanak egin ahal izateko. Alde Zaharreko kaleak estuak izanik, garabiek maniobra ugari egin behar izan dituzte eraikinaren parera iristeko, eta horrek ikusmina sortu du herritarren artean. Eraistea hasi ostean ere jende ugari bertaratu da Elizkalera, etxea nola botatzen zuten ikusteko. 18:00ak alderako teknikoek kontrolpean zuten egoera, eta orduan hasi dira eraikina zurkaizteko lanekin. Lan horiek eginda, teknikoak eta arduradunak 19:00etan egoera aztertzeko elkartu dira, eta segurtasuna behin-behinean bermatuta dagoela iritzita, jakinarazi dute segurtasunagatik hustutako etxeetako bizilagunek euren etxeetara itzultzeko aukera izango dutela 20:00etatik aurrera. 

Teknikoak bihar goizeko 09:00etan berriro elkartuko dira egoera aztertzeko eta hurrengo pausoak zein izango diren zehazteko.