Elizkaleko etxearen zati bat eraitsi dute, eraikina egonkortzeko

Etxearen zati batzuk eraitsi dituzte arratsaldean. (Julene Frantzesena)

Eraikina mugitzen ari delako egin dituzte eraisketa lanak; etxearen zati batzuk bota dituzte. Bart erori da 24. zenbakidun etxearen zati bat; ez zen inor bizi eraikin horretan, baina segurtasuna bermatzeko, inguruko bi eraikinetako hemezortzi herritarrek beren etxeetatik atera behar izan dute. Herritar horiek ezin izan dute oraindik etxera itzuli. Oinezkoentzat eta ibilgailuentzat itxita dago kalea.

Elizkaleko 24. zenbakidun etxearen zati bat erori da bart, eta eraikinaren zati batzuk eraitsi dituzte gaur arratsaldean, eraikina egonkortzeko helburuz. Izan ere, etxea mugitzen ari zen eta beste zatiren bat erortzeko arriskua zegoen. Hori dela eta, goizaldetik hustuta diren bi etxeez gain, beste bat ere hustu egin dute, segurtasuna bermatzeko. Gainera, Elizkalearen zati bat itxita dago goizetik, oinezkoentzat nahiz autoentzat. 

Bart, 03:00 aldean, erori da etxearen zati bat, Elizkalera. Izugarrizko eztanda entzun da kalean, eta berehala joan dira gertaeraren lekura suhiltzaileak eta Udaltzaingoa. Inor ez zen bizi eraikin horretan, eta beraz, ez da inor zauritu. Dena den, inguruko bi eraikinetan bizi diren hemezortzi lagun etxetik atera behar izan dira. Udalak jakinarazi duenez, herritar horietako batzuk senideekin pasatu dute gaua, eta beste batzuek, berriz, udalak jarritako hotelean.

Goizean goizetik teknikariak-eta ari dira etxearen inguruan lanean, eraikina zer egoeratan dagoen eta zer erabaki hartu aztertzen. Segurtasun perimeltrala ezarri dutenez, beren etxeetatik kanpo jarraitzen dute bart etxetik atera behar izan zuten herritarrek, baita eraisketa tarteko hustu duten eraikineko bizilagunek ere.

24. zenbakidun etxearen ondoko bi eraikin eraitsi zituzten duela hilabete batzuk. Izan ere, udala adineko pertsonei zuzendutako etxebizitza tutelatuak eraikitzen ari da orain zatia erori zaion etxearen ondoko orube horretan.

Gaur goizeko irudia. (Julene Frantzesena)

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide