Umeen danborrada 2022

San Sebastian eguna martxora ekarri du umeen danborradak

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 13a, 15:02

Eguraldi eguzkitsuak lagunduta, jendetza irten da kalera 600 bat parte-hartzailerekin inoiz baino jendetsuagoa izan den haurren danbor festa bertatik bertara ikusteko. 

San Sebastian egunean ezin, baina gaur bai. Gaur, martxoaren 13an, ezohiko datarekin baina ohiko festa giroan ospatu dute haurren danborrada. Bi urte pasa joan dira umeen kaleko danbor festa azkenekoz egin zenetik, eta musikaz eta kolorez jantzitako desfileaz berriro gozatzeko gogoa somatzen zen gaur eguerdian Azpeitiko Alde Zaharreko kaleetan. Bestelakoa iragarrita bazegoen ere, halakoxea izan da eguraldia ere, kalean festa giroaz eguzki epeletan gozatzeko aproposa.

Hamar taldek osatu ohi dute aspaldiko urteetan umeen danborrada, baina aurten hamabi irten dira desfilean. 2021eko etenaren ondorioz festan parte hartzeko aukerarik gabe gelditu zirenei aukera emateko, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik bi talde gehiago izan ditu aurtengoan; Azkoitiko Udalak utzitako abarketari eta sukaldari jantziekin irten dira talde horiek. Karmelo Etxegaraikoek beste berrikuntza bat ere atera dute kalera, Napoleoi urdin gisa ezagutzen den taldeak jantzi berriak estreinatu ditu-eta gaurko danborradan.

Danbor taldeen atzetik ibili dira kalez kale inudeak ere. Eta, nola ez, karroza ere bai. San Sebastian egunez lehen aldiz eta ondoren Jai Karnabalean irteten da kalera karroza normalean, baina aurtengo ezohiko festa egutegian alderantziz gertatu da: Elegante Egunean estreinatu zuten Lagun Onak Mendi Bazkunaren 75. urteurrenari eskainitako karroza, eta gaur bigarrenez izan da hura ikusteko aukera. Iraurgi Ikastetxeko ikasleei tokatu zaie aurten karrozan joatea, baita danborradaren desfilearen buruan joaten den gastadore txikien taldea osatzea ere.

Danborrada plazara iritsi denean, San Sebastian martxarekin batera, herriko bandera igo dute udaletxeko balkoi nagusian Nagore Alkorta alkateak eta Mikel Odriozola Festa batzordeburuak. Ezohiko beste kontu bat hori ere umeen danborradari dagokionez, sansebastianetan txikien desfilea egiten denerako igota izaten da-eta bandera.

Arratsaldean, zezena eta jolasak

Umeen danborradak piztutako jai giroak jarraipena izango du arratsaldean. 16:30etik aurrera sokamuturra ibiliko da ohiko kale eta orduetan, eta 17:00etatik 20:00etara, berriz, haur eta gaztetxoei zuzendutako jolas mitologikoak izango dira Azoka Plazan.