Pasaiako segadaren 38. urtemuga oroitzeko ekitaldiak antolatu dituzte

Nerea Uranga 2022ko mar. 11a, 15:00
Pasaiako segadan hildakoak gogoan dituen monolitoan, lore eskaintza.

Martxoaren 22an 38 urte beteko dira Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituela, Pasaian (Gipuzkoa). Kasuak argitzeko eskatuz eta torturaren kontra hausnartuz ekitaldi nagusia antolatu du Pasaia Argituk martxoaren 26rako. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, berriz, martxoaren 19rako prestatu du ekitaldi politikoa, Langile mugimenduaren oroimenean lelo hartuta.

Martxoaren 26rako antolatu du Pasaia Argituk Pasaiako sarraskiaren 38. urtemugako ekitaldi nagusia, eta bertan torturaren gaian sakonduko dute. Ekitaldi horretan, besteak beste, parte hartuko dute Pasaiako segadan hildakoen senideek, Jon Maia bertsolariak eta Joseba Sarrionandia idazleak. Azpeitiko Azoka Plazan egingo dute urtemugako ekitaldi nagusia, 19:00etan hasita.

 

Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau lagun  hil zituzten tiroz Pasaian 1984ko martxoaren 22an: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak. Segadaren 38. urtemugan, beste behin, auzia argitzeko eskaera izango du aldarri nagusia Pasaia Argituk, baina torturaren kontra ere egingo du. "Pasaiako sarraskia gauzatzeko ezinbesteko elementua izan zen tortura, Rosa Jimeno bortizki torturatuz lortu baitzuten segada prestatzea. Aurretik, Pedro Mari Isartek torturaren sufrikariorik gehiago ez pasatzeko erabaki zuen Ipar Euskal Herrira ihes egitea", azaldu du Pasaia Argituk. Adierazi du, gainera, azken hamarkadetan "tortura eta estatu errepresioa elkar ezkontzen" diren hitzak izan direla. Hala, "Pasaiako segadaren tortura kasuen harietatik tiraka", torturak Azpeitian eta Euskal Herrian izan duen eraginaren inguruan hausnartuko dute aurtengo urteurrenean.

 

Pasaiako segadan hildakoen senideek eta lagunek kasua argitzeko eskatuz "lanean segitzen" dutela nabarmendu du Pasaia Argituk. "Hilketak ikusi zituzten lekukoak eta beste hamaika proba dauden arren, oraindik ez da kasuaren egia, justizia, erreparazioa edota aitortza ofizialik izan", salatu du.

Ekitaldi nagusiaz gainera, segadaren 38. urteurren egunean, martxoaren 22an, oroimen ekitaldia egingo dute 19:00etan, Enparan Dorretxearen atzealdeko monolitoaren aurrean. Segadari lotutako erakusketa ere jarriko dute Foru Pasealekuko udal erakusketa aretoan, martxoaren 18tik 26ra bitartean. Donejakue kaleko horma irudiaren parean, berriz, segadaren nondik norakoak azalduz panel informatiboa jarriko dute.

 

Martxoaren 19an, Kontseilu Sozialistaren ekitaldi politikoa

 

Pasaiako segadaren 38. urtemugari lotuta, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak ekitaldi politikoa antolatu du martxoaren 19rako, Langile mugimenduaren oroimenean lelo hartuta. Ekitaldi hori Esklabetan egingo dute 13:00etan hasita, eta segidan, luntxa izango da.

Kontseilu Sozialistak adierazi du "Pasaiako sarraskia estatu kapitalistak militante politiko iraultzaileen aurka erabiltzen duen basakeriaren kasu paradigmatikoa" dela. Segadaren urteurrenari lotuta, gogora ekarri nahi dituzte "borrokan bizia eman zuten iraultzaile guztiak, eta bereziki, haien konpromiso militantea eta borrokaren zilegitasuna".

Kontseilu Sozialistaren arabera, etorkizuna eraikitzeko "ezinbestekoak dira iraganaren irakaspenak eta oroimena". Horretan, besteak beste, "mugimendu autonomoak prozesu iraultzaileari egindako ekarpena" aipatzekoa dela uste dute: "Proletalgoaren emantzipazioa lortzeko, independentzia politikoaren beharrezkotasuna azpimarratu eta praktikara eraman zuten; hau da, langileriaren autoantolakuntza".

 

"Klase zapalkuntzarekin amaitzeko borrokan bizitza eman zuten militante iraultzaileak gogora ekartzea komuniston eginbehar etikoa zein politikoa da, haien izenak eta borrokak langileriaren oroimen kolektiboan bizirik manten daitezen", adierazi du Kontseilu Sozialistak, eta "benetako justizia iraultzak bakarrik" egingo duela.