Naziogintza Taldeak Euskal Errepublikaren Eguna ospatuko du maiatzaren 7an Azpeitian

Julene Frantzesena 2022ko mar. 11a, 09:33
Azpeitiko Udalak 1931ko apirilaren 17an onartutako adierazpena. (Naziogintza)

1931ko apirilaren 17an Espainiako Estatuan errepublika ezarri eta egun gutxira, Azpeitiko Udalak aho batez aldarrikatu zuen euskal errepublika. Gertaera hura ardatz hartu eta euskal errepublikaren aldarria uztartuta antolatuko du Naziogintza Taldeak Euskal Errepublikaren Eguna.

Euskara eta euskalduntasuna ardatz dituen mugimendu independentistak Euskal Errepublikaren Eguna ospatuko du datorren maiatzaren 7an, Azpeitian. Naziogintza Taldeak antolatuko duen egitasmoak gertaera historiko bat du oinarrian: 1931ko apirilaren 17an Espainiako Estatuan errepublika ezarri eta egun gutxira, Azpeitiko Udalak aho batez aldarrikatu zuen euskal errepublika.

Gertaera hura ardatz hartu eta euskal errepublikaren aldarria uztartuta antolatuko du Naziogintza Taldeak Euskal Errepublikaren Eguna, "oroimen historikoa berreskuratzea eta gertaera hura ezagutaraztea xede". Gainera, "euskal errepublikaren beharra" gizarteratu nahi dute egun horren sustatzaileek.

Naziogintza Taldeak 2020ko udaberrian antolatu nahi zuen Euskal Errepublikaren Eguna Azpeitian, baina pandemiak bertan behera utzi zuen asmo hori. Iaz ere, pandemia tarteko, "ezinezkoa" egin zitzaion taldeari egun hori antolatzea, baina Euskal Errepublikaren aldeko mozio bat aurkeztu zuen Azpeitiko Udalean. Iazko apirilaren 27ko udalbatzarrean, EH Bilduk eta EAJk aho batez onartu zuten testu hura. Naziogintza Taldeak azaldu duenez, Azpeitiko Udalak bitan aldarrikatu du Euskal Errepublika, 90 urteko aldearekin.

1931ko apirilean, Azpeitian ez ezik, Euskal Herriko beste hainbat udaletan ere Euskal Errepublikaren aldeko mozioak onartu zituztela ere gogorarazi du taldeak. Horregatik, Naziogintza Taldeak orain dela 91 urte mozio haien onartu ziren udaletako ordezkariak ere gonbidatu ditu maiatzaren 7an Azpeitian egingo duen ekitaldira. Izan ere, egun horretan Azpeitia Euskal Herriko independentista guztien topagunea izatea nahi du Naziogintzak.