2022ko Martxoaren 8a

Rina Cabeza: "Sozialismoaren borrokara batzea da aukera bakarra"

Elena Margüello 2022ko mar. 8a, 10:00
Rina Cabeza. (Utzitakoa)

Urola Erdiko Itaia taldeko kideak azaldu du feminismoa lantzeko "klase ikuspegi baten falta" sumatuta sortu zela mugimendua 2020ko amaieran. Gaur mobilizazioak egingo dituzte eskualdeko hainbat herritan.

Noiz hasi zen Urola Erdiko Itaiaren ibilbidea, eta zer asmorekin?

Itaia 2020ko urrian eratu zen, eta eskualdeetako taldeak sortu ziren, tartean Itaia Urola Erdiko taldea. Argi dago emakumearen zapalkuntza ulertzeko beste modu batetik sortu dela Itaia, auzi hau lantzean klase ikuspegi baten falta zegoelako eta ez zelako osotasun baten barruan kokatzen; hau da, ikuspegi integral baten falta zegoen. Gure iritziz, emakumearen zapalkuntzari aurre egiteko bide bakarra sozialismoa da, eta bide horretan egiten dugu lan. Eskualdean ere beharrezkoa ikusi genuen ikuspegi hori zabaltzea eta emakume langileon interesen alde antolatzeko espazioa sortzea.

Zein izan dituzue orain arteko egitekoak eskualdean?

Lan ideologikoari eman diogu garrantzia. Emakume langilea subjektu politiko gisa onartzen ez den garai hauetan, urgentzia handia duela uste dugu politikaz hitz egiteak eta eztabaidatzeak, gaitasunak eskuratzen joateak. Ildo horretatik antolatu ditugu Emakume Langileon Eskolak, hitzaldiak, tertuliak eta abar. Mobilizazioak, jaialdiak eta beste hainbat egitasmo ere egin ditugu. Gainera, Euskal Herri mailako jardunaldiak ere antolatu genituen iaz.

Zer da zuentzat Martxoaren 8a?

Egun hori Emakume Sozialisten bigarren konferentzian sortu zen Clara Zetkinek proposatuta. Beharrezkoa ikusi zuten emakume langilea sozialismora batzeko egun bat antolatzea, eta hala sortu zen Emakume Langileon Nazioarteko Eguna. Guk historikoki izan duen esanahiarekin egiten dugu bat; izan ere, izaera asko aldatu da, baita izena ere. Argi dago emakumeon zapalkuntza bultzatzen duten instituzio, alderdi politiko eta enpresarien aurpegi zuriketarako egun bat ere badela.

Eta aurtengoaz, zer?

Egunerokotasunean ikusten dugu emakume langileok bizi behar izaten ditugun egoerak: lan baldintzen okertzea, zaintza lanen lan karga handitzea, hipersexualizazioaren normalizazioa nahiz indarkeria matxistaren forma berriak –jazarpen birtuala, adibidez–. Horri aurre egiteko alderdi politikoen eta feminismoaren proposamenek muga errealak dituzte, erreformen bitartez ezin delako zapalkuntza hau gainditu. Guk, beraz, aurtengo Martxoaren 8an, sortu zenean bezala, gure zapalkuntzarekin amaitzeko aukera bakarra sozialismoaren borrokara batzea dela aldarrikatuko dugu gure mobilizazioetan.