Zaballako espetxera lekualdatu dute Gotzon Aranburu presoa

Julene Frantzesena 2022ko mar. 4a, 17:48
Zaballako espetxea. (EITB)

Joan zen apiriletik Dueñasko (Palentzia, Espainia) espetxean izan da preso azpeitiarra, Euskal Herritik 310 kilometrora. Espainiako Espetxe Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak urtarrilean jakinarazi zuten azpeitiarra Euskal Herriko espetxe batera gerturatuko zutela. ETAko kide izatea leporatuta, 30 urteko espetxe zigorra ari da betetzen Aranburu.

Gotzon Aranburu preso azpeitiarra Zaballako (Araba) espetxera lekualdatu dute, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Joan zen apiriletik Dueñasko (Palentzia, Espainia) espetxean izan da preso azpeitiarra, Euskal Herritik 310 kilometrora. Aurretik, berriz, Villenako (Alacant) kartzelan igaro zituen hainbat urte.

Espainiako Espetxe Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak joan zen urtarrilaren bukaeran jakinarazi zuten zazpi preso Euskal Herriko espetxeetara gerturatuko zituztela, eta haien artean zen Aranburu. Dena den, orduan ez zuten zehaztu preso haietako bakoitza Euskal Herriko zein kartzelatara lekualdatuko zuten.

2002ko abenduan atxilotu zuten Gotzon Aranburu, Jesus Mari Etxeberriarekin batera, ustez ETAko kideak zirelakoan, Collado Villalban (Madril) Guardia Zibilaren kontrol baten ondoren tiroketa izan eta gero. Tiroketan polizia bat hil eta Aranburu larri zauritu zen. Azpeitiarrari 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta 20 urte daramatza espetxeratuta.