Miren Gorrotxategi: "Ukrainako umeak gerratik atera eta Euskal Herrira ekartzea da gure helburua"

Ihintza Elustondo 2022ko mar. 5a, 11:45
Miren Gorrotxategi Tanya Ukrainako haurrarekin. (Utzitakoa)

Miren Gorrotxategik Ukrainako ume bat ekarri izan du hainbat urtez etxera, Txernobyl elkartearen bidez. Hango haurrak Euskal Herrira ekartzeko lanean ari da elkarte hori, baina une honetan ezinezkoa da. Lagundu nahi duenak donazio ekonomikoak egin ditzake.

Idazle izateaz gain, Txernobyl elkarteko kide ere bada Miren Gorrotxategi (Azpeitia, 1981). Elkarte horrek urteetan ekarri izan ditu Ukrainako haurrak Euskal Herrira, Txernobylgo erradiazio nuklearrak kutsatutako testuinguruetatik ateratzeko. Gorrotxategik Tanya hartu izan du azken urteotan etxean; duela hilabete eta erdi izan zen azkenekoz Azpeitian. Orain, "sekulako tristura eta inpotentzia" sentitzen ditu Gorrotxategik.

Noiz etorri zen Tanya lehen aldiz Azpeitira?

2017an, 6 urte zituela. Hiru urtez etorri zen, eta gero, pandemia tarteko, 2020ko eta 2021eko udetan ezin izan zuen etorri. Azken Gabonetan etorri zen berriro, eta duela hilabete eta erdi itzuli zen etxera. Urtarrilean joan zen Ukrainara, eta otsailaren amaieran lehertu zen gerra.

Jakin izan bazenu, agian ez zenion itzultzen utziko.

Zenbat aldiz pentsatu ote dut hori... Baina ezin genuen jakin zer gertatuko zen. Eta ez da bera bakarrik egoera hau jasaten ari dena, han dauzka anai-arrebak ere, eta ume denak atera nahi ditugu handik.

Ba al daukazu bere berririk?

Haiekin komunikatzea ez da erraza, antena asko txikitu dituztelako. Kostata, baina lortu nuen Kieveko lehengusu baten bidez bere aitaren telefonoa. Asteazkenean berarekin telefonoz hitz egin nuen, eta esan zidan ondo zegoela, ez zaiela ezer falta, argia badaukatela, ura ere bai, jana ere bai... Eta beno, dauden egoeran daude, baina bere txarrean, ondo daude. Umorea ere bazeukan, eta...

Etxean daude, behintzat?

Bai, bai. Familia osoa elkarrekin dago.

Nola sentiarazten zaitu gertatzen ari den guztiak?

Sekulako tristura ematen dit. Momentu honetan, zonarik kaltetuenak hiri handiak dira: Kiev, Kharkov... Gure elkarteak ekartzen dituen umeak Txernobyl ingurukoak dira. Tanya Ivankiveko eskualdean bizi da, herrixka txiki batean. Ekonomikoki oso deprimituta dago eremua hori; Txernobylgo istripu nuklearra eta gero, ez da lehengora itzuli. Aurrez ere zera pentsatzen genuen: "Zenbat urte beharko ote dira lehengora itzultzeko?". Izan ere, kutsadura handia dute inguru horretan. Eta gertatzen ari denarekin, lehen okerren zeudenak orain nola egongo ote dira? Ivankiv herria bera guztiz suntsitu dute, eta egoera oso beltza da. Inpotentzi handia sentitzen dugu, ze oraingoz ez dago ezer askorik egiterik. Beno, elkarte batzuk, Gurutze Gorria eta Save the Children, esaterako, ari dira bidalketak egiten: janaria, materiala...

Testuinguru horretan, zein da Txernobyl elkartearen helburua?

Gure elkartearen eta antzekoen helburua, funtsean, umeak ekartzea da, gerratik ateratzea. Lehen, erradiazioagatik eta beren egoeragatik, osasun programa baten barruan ekartzen genituen, baina egun batetik bestera, guztiz aldatu da elkarte hauen funtzioa. Ostegunean egin genuen elkarteko kideok azken bilera, eta han geundela, jakin genuen Ukrainak eta Errusiak korridore humanitarioak irekitzea adostu zutela. Behintzat, argi izpi txiki bat ikusten hasi gara.

Beraz, umeak ekartzeko ahalegina egingo duzue.

Bai, betiere hango familiek nahi duten eta onartzen duten neurrian. Azkenean, gure nahia da hango familiak laguntzea, eta beraiek esango digute umeak handik ateratzea nahi duten, janaria behar duten... Zer behar duten entzungo diegu, eta horretan laguntzen saiatuko gara.

Halako kontuez aritu al zineten osteguneko bileran?

Bai. Ukrainako egoeraz aritu ginen, eta hango boluntarioekin-eta konexio batzuk egin genituen; oso momentu hunkigarriak izan ziren. Askotan sentipena daukagu beraiek direla gu animatzen ari direnak. Indartsu ikusten dira, eta segi dezatela horrela.

Halako sarraski baten aurrean, jende asko dago lagundu nahi eta zer egin ez dakiela. Zer egin dezakete horiek?

Guk umeak ekarri nahiko genituzke, baina oraindik ezin dugu, eta eutsi egin beharko diogu gogo horri. Beraz, une honetan egin daitekeen gauza bakarra da donazio ekonomikoak gauzatzea. Hango familiekin hitz eginda erabakiko dugu diru hori zertarako erabili, baina elkarteko kide diren Ukrainako umeentzako eta haien familientzako izango da. Diru hori erabili daiteke umeak handik ateratzen laguntzeko, familiei janaria bidaltzeko... Azkenean, familiek behar duten horretarako erabiliko da. Lagundu nahi duena jar dadila lasai elkartearekin harremanetan. Une honetan, pixka bat gainezka ere bagaude, ikaragarrizko elkartasuna sentitzen ari garelako. Baina onena elkartearekin harremanetan jartzea da, eta esango diegu zer egin dezaketen [esteka honetan dago informazio guztia].