Karnabalak 2022

Suzko zezenarekin, agur karnabalei

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 1a, 21:07

Sokamuturra amaitzearekin batera atera da suzko zezena Erdikaletik plazara, eta ordurako jende ugari zegoen han zain. Txaranga doinuz girotuta agurtu dituzte herritarrek pandemiaren osteko lehen karnabalak. 

Amaitu dira horrenbeste esperotako karnabalak. Pandemiaren osteko lehen karnabalak izan dira aurtengoak, eta herritarrak festarako gosez zeuden. Hori nabari zen festen atarian eta hala zirudien festek iraun duten egunetan ere. Gaur arratsaldeko sokamuturraren ostean agurtu dituzte karnabalak azpeitiarrek, suzko zezenarekin. Hain zuzen, 20:00ak pasatxo atera da suzko zezena Erdikaletik plaza aldera, Irulitxa txarangak girotuta eta soka aurrean dozenaka haur eta gaztetxo zirela. Suzko zezena plazara heltzerako jende ugari zegoen han zain. Hamar minutu inguruz gozatu dute suzko zezenaz plazara bertaratutakoek, eta sua itzaltzean txaloz agurtu dituzte karnabalak.