Zu zeu

Iñaki Urkia: "Negua da niretzat gogorrena"

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 25a, 15:32
Iñaki Urkia lanean, hegaluze bat eskuetan duela. (Utzitakoa)

Datorren uztailean beteko dira bederatzi urte Iñaki Urkia (Azpeitia, 1978) itsasoan lanean hasi zenetik. Lanbide gogorra dela dio, baina baita "harrapatu egiten" duen horietakoa ere.

Azpeitiarra eta arrantzale. Nolatan?

Donostian bizi eta Azpeitian egiten nuen lan, eraikuntzan. 2012an, krisiaren eraginez, langabezian gelditu nintzen. Egoera berria zen niretzat. Ezin nintzen geldirik egon, familia neukan eta zerbait egin behar nuen. Pasai San Pedroko [Gipuzkoa] Itsas Eskolan sartzeko aukera sortu zitzaidan, itsasontzietan lan egiteko behar nuen titulazioa lortu nuen, eta ondoren, curriculumak utzi nituen San Pedroko kofradian eta beste toki batzuetan. 2013ko sanferminetan deitu zidaten, hegaluze deskarga bat egiteko; goizean deskarga hori egin eta arratsaldean itsasora irten nintzen lehen aldiz.

Zein itsasontzitatik deitu zizuten?

Gaztelugatxeko Doniene ontzitzik. Bertan jarraitzen dut lanean.

Zer arrantza motatan aritzen zarete?

Hiru jardueratan aritzen gara. Neguan, kostatik gertu mugitzen gara, itsas hondoan zabaltzen ditugu sareak; legatz pixka bat, eta batik bat zapoak arrantzatzen ditugu. Ondoren, berdelaren kanpainan sartzen gara, eta gero hegaluzearena etortzen da. Negukoak irteera laburrak izaten dira, hiru bat egunekoak. Berdeletan, normalean, egunero irten eta porturatzen gara; gehienezko kopuru bat arrantzatu ahal izaten dugu, kupoagatik; hori osatutakoan, gertuen dugun portura joaten gara deskargatzera, eta hurrengo egunean berriro itsasora. Hegaluzetan ari garenean, berriz, irteera bakoitzean hamabost-hogei egun jarraian egiten ditugu itsasoan.

Hiruetatik zein da gogorrena?

Negukoa. Sasoiko eguraldiak eransten dion gogortasunaz gain, lana bera ia atsedenik gabekoa izaten da. Zortzi ordu eman ditzakezu sare bat jasotzen; jaso, bota, eta beste baten bila. Sareak nola etorriko zaizkizun ez duzu jakiten, garbi ala zikin azalduko diren; aspaldian zabor eta plastiko asko ari gara jasotzen. Igandean irten eta asteazkenean itzulita, guztira sei-zortzi ordu izan ditzakegu lotarako.

Lanbide gogorraren fama dauka arrantzalearenak. Ondo irabazitakoa?

Gogorra da, bai. Ez zaude lur geldian lanean, eta ordu asko dira etxetik kanpora.

Zeuri, zer egiten zaizu gogorrena?

Hasi nintzenean, etxetik kanpora hogei egun egotea zen gogorrena, eta gainera, etxekoekin telefonoz hitz egiteko aukerarik ez izatea, kostatik urrun gabiltzanean ez dugu-eta normalean konexiorik edukitzen; satelite bidezko konexioa erabil dezakegu, baina oso garestia da eta muturreko egoeretan bakarrik erabiltzen da. Gaur egun, ordea, negua da niretzat gogorrena, batik bat fisikoki; urteak aurrera doazen heinean, gehiago nabaritzen da.

Eta zer da gehien gustatzen zaizuna?

Ofizio polita ere bada. Edonork egunero ikus ezin ditzakeen gauzak ikusten ditugu, eguzkiaren irteera edo sarrera itsasoan, esaterako; batzuk argazki horien bila joaten dira, eta guk egunero ikusten ditugu. Edo baleak, orkak... bertatik bertara. Harrapatu egiten zaitu, hala da. Neuk askotan esan izan dut, "nahiago nuke itsarora irtengo bagina"; egia da berehala pasatzen zaidala ere, eta hiru egunera "etxera noiz ailegatuko ote gara?" galdezka hasten naizela.

Itsasoan lan egin nahi duen jendea aurkitzea gero eta zailagoa dela diote ontzi jabeek.

Lehen ondo kobratzen zen, baina gaur egun ez; urte batzuk beste batzuk baino hobeak izan daitezke, baina ez dago lehengo konturik. Lan asko egin behar duzu, urte osoan gelditu gabe ia, etekin pixka bat ateratzeko. Guk arraina oso merke saltzen dugu kofradian; baina joan zaitez arrandegira, eta izugarrizko prezioak daude. Hor tartean dauden bitartekariek izugarri sartzen dute poltsikoan, kolpe zorririk jo gabe. Etxe asko elikatzen dugu, azkenean.