Futbol egokituko topaketa, inklusioa sustatzeko

Ihintza Elustondo - Andoni Elduaien 2022ko ots. 20a, 15:11

Gipuzkoako Futbol Federazioak antolatuta eta Azpeitiko Lagun Onak futbol taldearekin elkarlanean, futbol egokituko topaketak egin dituzte Garmendipe futbol zelaian. Futbolarekiko begirada irekiagoa eta solidarioagoa ahalbidetuko duten elkarbizitza balioak sustatzea izan da saioaren helburua.

Behar bereziak dituzten neska-mutilei zuzendutako futbol egokituko topaketa egin dute gaur, igandea, Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian. Topaketa horiek Gipuzkoako Futbol Federazioaren ekimenez ari dira egiten, eta tokian tokiko futbol klubekin elkarlanean ari dira lan saioak osatzen. Prestakuntza eta sentsibilizazio programa horren bidez, futbol federazioak futbolaren inguruko begirada zabaldu nahi du, baita elkarbizitza balioak sustatu ere. Era berean, behar bereziak dituzten pertsonei kirola egiteko aukerak erraztea da helburua.

Etorkizunera begira, behar bereziak dituzten pertsonentzako espazio bat sortu nahi du federazioak, horiek futbol egokituan edo inklusiboan modu egonkorrean parte hartu dezaten. Gipuzkoako futbol klub ugari ditu bidelagun programak, Azpeitiko Lagun Onak futbol taldea tartean; izan ere, Azpeitiko topaketan Lagun Onaken harrobiko hainbat gaztetxok parte hartu dute.

Josu Zubia federazioko kirol arduraduna da, eta hark azpimarratu du behar bereziak dituzten haurrei "futbola praktikatzeko aukera" ematea dela helburua. "Ondo pasatzea eta balioak lantzea nahi dugu, eta horretarako, garrantzitsua da inklusioa lantzea. Lagun Onakeko talde batek ere parte hartu du gaur, eta elkarrekin osatu dugu lansaioa". Era berean, topaketak "lagungarriak" dira behar bereziak dituzten pertsonentzat. "Eskubidea dute kirola praktikatzeko, eta askotan horrelako ekitaldiak falta izaten dira. Normalean ez dute kirola praktikatzeko aukera handirik izaten, eta horregatik,  gizartetik at gelditzen dira sarritan. Gizartea kontzientziatu behar dugu, eta horrelako ekitaldiak garrantzitsuak dira horretarako".

"Futbola baino gauza garrantzitsuagoak"

Manu Diaz federazioko presidenteak, bestalde, federazioak gizarte arloko ekintzak antolatzeko duen asmoa berretsi du . "Gure proiektu nagusietako bat da futbol egokituko topaketen antolaketa. Lagun Onak taldearekin jarri ginen harremanetan, eta sekulako harrera ona izan du egitasmoak". Azpeitian egin duten topaketa hirugarrena da; aurrez Irunen eta Arrasaten izan dira. Diazek adierazi du "futbolak Gipuzkoako gizartean duen eragina" baliatu behar dela horrelako egitasmoak aurrera eramateko.

Federazioak egindako proposamenari baiezkoa ematea erabaki zuen Lagun Onakek. Hala adierazi du Iñigo Arregi Lagun Onakeko presidenteak. "Aukera onartu genuen, honek bizipoza ematen baitu. Gure taldea futbol egokituarekin uztartzeko, harrobiko hamasei bat mutilek ere parte hartu dute saioan, horiek ere kontzientzia har dezaten, eta futbola baino gauza garrantzitsuagoak badaudela ohartu daitezen".