Arronaneko eta Pikuaneko etxeak eraitsi dituzte

Mailo Oiarzabal 2022ko ots. 18a, 09:01
Langileak obra hondakinak jasotzeko lanetan, atzo arratsaldean. (Mailo Oiarzabal)

Aste honetan bukatu dute Bustinzuriko Errebaleko bi eraikinak botatzeko aurretik hasitako lana, eta obra hondakinak jasotzen ari dira egunotan. Etxebizitza berriak eraikiko dituzte orube horietan; Arrona taberna zenaren orubean udal sustapeneko lau etxebizitza egingo dituzte.

Arrona eta Pikua tabernak hartu zituzten eraikinak guztiz eraitsi dituzte dagoeneko. Aurretik hasiak ziren Bustinzuriko Errebalean bata bestearen ondoan altxatzen ziren bi eraikinak eraisteko lanak, eta aste honetan bota dituzte guztiz bi etxeak; obra hondakinak jasotzen ari dira egunotan, orubeak garbitzeko.

Etxebizitza berriak eraikiko dituzte hutsik geldituko diren ordubeetan. Arronanekoa zegoen orubean etxebizitza publikoak eraikiko dituzte, udal sustapeneko lau etxebizitza, hain zuzen. Lau etxebizitza horiek esleituta daude 2019ko urtarriletik; Esklabak-Iturzulo eremuko eta Done Jakueko etxebizitzekin batera egin zuten horiek esleitzeko zozketa. Errebaleko bi etxe zaharrak 2019. urte bukaerarako eraistea aurreikusten zuen orduan udalak.