Bihartik erabili ahal izango da Arana eta Arana Goikoa arteko igogailua

Mailo Oiarzabal 2022ko ots. 17a, 15:29
Igogailu berria Arana Goikora igotzen den aldaparen barrenean jarri dute. (Mailo Oiarzabal)

2021eko maiatzean hasi zituzten lanak, eta bederatzi hilabeteren ondoren, udalak inguruko irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin eraiki duen azpiegitura berria erabilgarri izango da.

Bihar jarriko dute martxan Arana kalea eta Arana Goikoa auzoa lotuko dituen igogailua. 2021eko maiatzean hasi zituzten lanak, eta bederatzi hilabeteren ondoren, udalak inguruko irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin eraiki duen azpiegitura berria erabilgarri izango da.

Irisgarritasuna hobetzeaz gain "inguru horretako pertsonen bizi kalitatean eragin eta egunerokoa erraztea" izan da udalak igogailu horrekin bete nahi izan duen helburua, Josu Labaka Hirigintza zinegotziak azaldu duenez. "Hirigintza herritarren zerbitzura jarriz, herritarren egunerokoa errazteko tresna izatea nahi dugu", gaineratu du Labakak. Udalak 416.489 euro inbertitu ditu Arana eta Arana Goiko arteko igogailua jartzeko lanetan; Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza ere jaso du, 288.081 eurokoa.

Irisgarritasuna hobetzeko asmo gehiago

Bihartik erabilgarri izango den igogailuarekin ez da bukatuko udalak Arana Goiko bizilagunekin auzoko irisgarritasuna hobetzeko hasitako prozesua. 12. eta 15. etxe atarien arteko irisgarritasuna hobetzeko proposamenak egin zizkioten bizilagunek udalari, erakundeak iazko urte amaieran aurkeztu zien inguru horretarako egin duen proiektua, eta "dagoeneko esleipen prozesuan" dago. Horrez gain, Arana Goiko dorrea bezala ezagutzen den 11. zenbakidun etxe atariaren ondoko irisgarritasuna hobetzeko "lanketa" ere egiten ari dela aurreratu du udalak.