2022ko Martxoaren 8a

Martxoaren 8ari lotuta, hainbat deialdi egin ditu Urola Erdiko Itaiak

Andoni Elduaien 2022ko ots. 15a, 08:55
Iaz egindako mobilizazioko irudia.

Asteburuan hasiko ditu ekintzak Urola Erdiko Itaiak. Igandean, pankartak egiteko zita jarri du Azpeitiko Gaztetxean, eta Martxoaren 8ko mobilizazio nagusia Azpeitian egingo du. Azkoitian eta Zestoan ere egingo dituzte ekintzak: batzar bana eta elkarretaratze bana Martxoaren 8an.

Urola Erdiko Itaiak batzarrak eta mobilizazioak deitu ditu Martxoaren 8a edo Emakume Langileen Nazioarteko Eguna antolatzeko. Aste honetan bertan egingo ditu lehen ekintzak: igandean, esaterako, pankartak egingo dituzte 17:00etatik aurrera Azpeitiko Gaztetxean.

Lehen batzar irekia, berriz, ostiralean egingo du Urola Erdiko Itaiak. Zestoako Alondero aretoan izango da, 17:00etan hasita. Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki izenburupean egingo dute bilkura. Hilaren 26an, zapatua, ere batzarra egingo dute, 11:00etik aurrera, Elkargunean.

Martxoaren 8rako ere prestatu ditu mobilizazioak Urola Erdiko Itaiak. Azkoitiko eta Zestoako plazetan elkarretaratzeak egingo dituzte, 18:30ean. Ekitaldi nagusia, ordea, Azpeitian egingo dute; han 19:30ean manifestazioa egingo dute, plazatik abiatuta.

Estatu sozialista aterabidea

Itaiak hainbat puntutan jarriko du arreta Martxoaren 8an, hala nola emakumeen lan baldintzen okertzean eta zaintza lanen lan karga handitzean. Izan ere, mugimenduaren arabera, pandemiaren testuinguruan "are okerrago" bilakatu dira emakume langileen lan baldintzak. "Kaleratzeak, soldata jaistea, laneko zama handitzea, lanaldi partzialak, behin-behineko lana eta abar".

Bestalde, hipersexualizazioaren normalizazioa eta indarkeria matxistaren forma berriak agertu izana ere aterako dute plazara. "Komunikabide, sare sozial zein pornografiak emakumeon gaineko sexualizazioa eta indarkeria normalizatzen dute. Gainera, garapen teknologioak indarkeria forma berriak eratu ditu: sare sozialen bidezko erasoak, jazarpenak, kontrol sozialaren areagotzea...".

Horrez gain, alderdi politikoek feminismoarekin duten jarrera salatu du Itaiak, horiek feminismoa "aurpegi zuriketarako" erabiltzen dutelako. "Jendartea gero eta feministagoa aldarrikatzen bada ere, emakume langileon bizi baldintzak okerrera doaz", azaldu du.

Emakume langileen zapalkuntza egoera gainditzeko "berme bakarra" estatu sozialista eraikitzea dela uste du Itaiak. "Sozialismoaren norabidean, gaurdanik hasita, zapalkuntza ezberdinen aurka antolatu eta borrokatu behar dugu".