Mairu antzerki tailerrak jaso du Arnasguneak sorkuntza beka

Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 27a, 15:28
Mairu antzerki tailerreko kideak.

Arnasa Gara kanpainaren barruan deitu zuten beka iaz Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, euskararen arnasguneen garrantzia gizarteratzeko asmoarekin. Lesakako taldeak datozen Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko du Intxaurra, eta antzezlan horren sormen prozesuan Dinamoan egonaldia egiteko aukera ere izango du.

Iruñean eman dute gaur Arnasguneak antzerki sorkuntzarako bekaren saria Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Bederatzi proiektu aurkeztu ziren hiru erakundeok Arnasa Gara kanpainaren barruan euskararen arnasguneen garrantzia gizarteratzeko asmoarekin sortutako bekara, eta Lesakako (Nafarroa) Mairu antzerki tailerraren Intxaurra antzezlanarentzat izan da beka.

Azpeitiarekin lotura estua du Arnasguneak bekak. Uemako kide eta euskararen arnasguneetako bat da Azpeitia baina, horrez gain, Azpeitiko Udalaren eta Dinamoa sormen gunearen laguntza izan dute bekaren sustatzaileek bekaren oinarriak zehazterakoan, eta bekaren epaimahaian ordezkari bana izan dute udalak eta Dinamoak. Izan ere, Arnasguneak bekari esker onduko duen lana Azpeitian estreinatuko du Mairuk datorren udazkenean, 40. Euskal Antzerki Topaketeten barruan; eta Intxaurra sortzeko prozesuan Dinamoaren egoitza erabiltzeko aukera ere izango dute, hala nahi izanez gero. 23.000 euroko diru saria jaso du Lesaskako antzerki tailerrak Arnasguneak beka irabazita.

Ekosistemaren eragina

Gaizka Sarasola Mairuko kideak azaldu ditu Intxaurraren nondik norakoak gaur Iruñeko agerraldian. "Inguratzen gaituen ekosistemak guregan duen eragina" landuko du Mairuk antzezlanean, Sarasolaren esanetan, eta gaixorik dagoen intxaurrondoaren iruditik abiatuko dira horretarako; enborra biziberritzearen beharra islatuko du antzezlanak, gainerako adarrek ere osasuntsu iraun dezaten. "Euskarararen arnasgune diren herrien ezaugarriak, kezkak, mugak, iragana eta etorkizuna agertuko dira istorioan barrena, beti ere sormena eta antzerkiaren kodeak lehenetsiz", Uemak azaldu duenez. Sarasolak idatziko du antzerki lana, eta Manex Fuschek zuzenduko du.