Etxebizitza tutelatuak eraikitzeko lanak hasi dituzte Elizkalean

Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 27a, 10:22
Etxebizitza tutelatuak eraikitzeko lanak, martxan. (Azpeitiko Udala)

"Mendekotasunik ez edo mendekotasun oso txikia" duten adineko pertsonentzako hamabi etxebizitza eraikiko ditu udalak Elizkaleko 24, 26 eta 28 zenbakien orubean. Lanak hemezortzi hilabeteren buruan bukatzea aurreikusi du erakundeak.

Udalak adineko pertsonei zuzendutako etxebizitza tutelatuen lehen proiektua aurrera doa. 2021eko martxoan aurkeztu zuen proiektua erakundeak. Orduan iragarri zuen hamabi etxebizitza eraikiko zituela Elizkaleko 24, 26 eta 28 zenbakien orubean. Iazko udaberrian ireki zuen eraikuntza lanak esleitzeko prozedura, eta orain hasi dira etxebizitzak eraikitzen.

"Mendekotasunik ez edo mendekotasun oso txikia izanik beren egunerokoari aurre egiteko zailtasunen bat duten" adinekoentzat izango dira Elizkaleko etxebizitza tutelatuak, eta "erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokitutako zerbitzua" eskainiko du bertan udalak.

Ia milioi eta erdi euroko inbertsioa egin du udalak (1.476.129 euro, zehatz), eta hasi berri dituzten eraikuntza lanak hemezortzi hilabeteren buruan bukatuta izatea aurreikusi du. Proiektuaren aurkezpenean aurreikusitako epeak luzatu egin dira, beraz, urte hau bukatzerako etxebizitzak bizitzera sartzeko moduan egotea baitzen hasierako asmoa. 

Ezaugarriak

Lau solairuko altuera izango du adinekoentzako etxebizitza tutelatuen eraikinak; beheko solairuan gune komunak izango ditu eraikinak, eta goiko lau solairuetan egongo dira etxebizitzak, solairu bakoitzean hiru.

"Bizilagunak elkartzeko aukerak" eskainiko ditu beheko solairuak. Bulegoa, aisialdirako gunea, komuna, aldagelak, bainugela eta irakurtzeko edo Interneten ibiltzeko tokia egokituko dituzte bertan. Etxebizitzak, berriz, 50 eta 60 metro koadro ingurukoak izango dira, "etxebizitzaren arabera neurri desberdinetakoak", baina ezaugarri eta eduki bertsuak izango dituzte guztiek, udalak azaldu duenez: 25 bat metro koadroko sukalde egongela, 10-15 metro koadroko logela bat eta 5-7 metro koadroko bainugela.

Adinekoak eta zaintza

Gizartearen zahartzeak berekin dakartzan erronkei erantzuteko egiten ari den lanaren barruan kokatu du udalak Elizkaleko etxebizitza tutelatuen proiektua. "Adinekoen eta zaintzaren eremuari arreta berezia jarria" diola nabarmendu du beste behin udalak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean Perdillegiko eremuan gauzatuko duten proiektua ere ekarri du gogora.