Sean Villanueva eta Nico Favresse eskalatzaileak Azpeitian izango dira otsailaren 16an

Julene Frantzesena 2022ko urt. 24a, 09:16
Sean Villanueva eta Nico Favresse.

Lagun Onak Mendi Bazkunak bere 75. urtemuga dela-eta martxan jarri zuen Mendiko Ahotsak solasaldi zikloaren barruan eskainiko dute hitzaldia belgikarrek. Emanaldia Soreasu antzokian izango da, 20:00etan hasita, eta solasaldira joan nahi duten herritarrek dagoeneko eskura ditzakete sarrerak, hamasei eurotan.

Aurrera doa Lagun Onak Mendi Bazkunak bere 75. urtemuga dela-eta martxan jarri zuen Mendiko Ahotsak solasaldi zikloa. Hain zuzen ere, beste zita bat iragarri du elkarteak: otsailaren 16an, asteazkena, Azpeitian izango dira Sean Villanueva eta Nico Favresse eskalatzaile belgikarrak.

Lagun Onakek azaldu duenez, "punta-puntako" eskalatzaileak ez ezik, folk musikariak eta komunikatzaile apartak ere badira bi gonbidatuak. "Noizbat ikusi dituztenek argi esaten digute: erotuta daude, bizitzaz maiteminduta. Eta emozio hori guztia transmititzen dakite, ez dute parekorik horretan".

Emanaldia Soreasu antzokian izango da, 20:00etan hasita, eta solasaldira joan nahi duten herritarrek dagoeneko eskura ditzakete sarrerak Kulturaz.eus webgunean, hamasei euroren trukean.