Lagun Onaken lehen taldeek emaitza onak eskuratu dituzte etxetik kanpo

Andoni Elduaien 2022ko urt. 23a, 19:06
Lagun Onaken artxiboko irudi bat.

Mutilek azken hatsean berdindu dute gaur Barakaldon, 33. minuturako 2 eta 0 atzetik joan ondoren. Neskek, berriz, 0 eta 2 irabazi zuten atzo Urnietan.

Lagun Onaki etxetik kanpo aritzea egokitu zaio asteburuan, baina Azpeititik urrun jokatu arren, emaitza onak eskuratu ditu. Emakumezkoen lehen taldeak 0 eta 2 irabazi zuen atzo arratsaldean Urnietan (Gipuzkoa), eta gizonezkoenak puntua urratu du gaur Barakaldoko (Bizkaia) Lasesarre zelaian. 

Emakumezkoen taldeak goizo lortu zuen abantaila Urnietan. 3. minutuan, Nahiak eskuin hegaletik egindako korner erdiraketa Eneritzek buruz errematatu zuen, eta zuzenean ate barrura bideratu zuen baloia. Neurketa ixtea, ordea, kostatu egin zitzaion Unai Urbizuren taldeari.

Bigarren zatian, 74. minutuan, Naira izan zen Lagun Onaken bigarren gola egin zuen jokalaria; atezainaren aurrean bakarrik gelditu zen Naira, eta azpeitiarren bigarren gola egin zuen hark. Emakumezkoen taldea sailkapeneko zortzigarrena da egun, 25 punturekin. Datorren asteburuan, Ostadar taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak azpeitiarrek, Garmendipen.

Gizonek, berdinketa

Gizonezkoen taldeak, berriz, irteera zaila zuen gaur; izan ere, Barakaldon aritu dira Ander Avellanedaren mutilak, eta puntu bat batzeko gai izan dira mutilak. Indartsu zelairatu da etxeko taldea, eta bi aukera on huts egin ondoren, 20. minutuan egin dute lehen gola korner jokaldi batean. 33. minutuan, berriz, errenta handitzea lortu dute bizkaitarrek area ertzeko aldaratze bat baliatuta.

Partida zail jarri zaie Avellanedaren mutilei, baina bigarren zatian aurkariaren atera iristea lortu du, eta 62. minutuan Jagobak korner jokalri batean murriztu du markagailuko aldea. Puntua lortzeko borrokan jarraitu du Lagun Onakek, eta neurketaren hondarrean, 89. minutuan, zelairatu berria zen Gorkak egin du binakoa. Baloia ondo mugitu ondoren, aurrelariak baloia loratu du atezainaren aurrean eta zuzenean sareetara bidali du baloia. Puntua batuta, 23 puntu ditu gaur-gaurkoz Lagun Onakek, eta sailkapeneko hamazazpigarrena da. Datorren asteburuan, Deuston jokatuko du Avellanedaren taldeak.