Herritarren babesean egin du debuta Unai Alberdik

Maialen Etxaniz 2022ko urt. 22a, 13:45

Ilunpeko harrobiko aurrelariak atzo egin zuen debuta profesionaletan Baiko Pilota enpresarekin Izarraitz pilotalekuan jokatutako partidan. Alberdi II.a Aretxabaletarekin aritu zen, eta parean izan zituzten Bengoetxea VI.a eta Uriondo. Herritarren babesik ez zitzaion falta izan pilotari azpeitiarrari. Bengoetxea VI.ak urtarrilaren 29an emango dio amaiera bere ibilbide profesionalari, eta Azpeitiko pilotazaleek aitortza egin zioten atzokoan. 

Dagoeneko pilotari profesionala da Unai Alberdi. Ilunpeko harrobiko aurrelariak atzo egin zuen debuta profesionaletan, Baiko Pilota enpresarekin, eta ez edozein modutara; izan ere, etxean, Azpeitiko izarraitz pilotalekuan eta pilota profesionala uztear den Oinatz Bengoetxearen aurka jokatuz debutatu zuen Alberdik. Pilota jaialdia 22:00etan hasi zen, eta ordurako azpeitiarrari babesa agertzeko hainbat pankarta ikus zitekeen Izarraitzeko harmailetan. Alberdi anaiei ondo baino hobeto datorkien leloa zeraman pankarta ere zintzilikatu zuten atzo."Arauntzako tontorretik, pilotaren gailurrera" zioen pankartak, eta halaxe da, pilotaren gailurrera iritsi baitira Jon eta Unai Alberdi.

Azpeitiarraren debuteko partidak ireki zuen atzoko pilota jaialdia. Alberdi Aretxabaletarekin aritu zen, eta parean izan zituzten Bengoetxea VI.a eta Uriondo. Partida polita ikusteko aukera izan zuten Izarraitzera bertaratutako pilotazaleek, eta gorriek markagailuan aurretik egotea lortu zuten arren, gertutik jarraitu zieten Alberdi II.ak eta Aretxabaletak. Hala ere, Bengoetxea 6.a eta Uriondo nagusitu ziren markagailuan, partida 22 eta 17 irabazita.

Bi izan ziren atzoko protagonista nagusiak: profesionaletara salto egin berri duen Unai Alberdi, eta pilota profesionala uztear den Oinatz Bengoetxea. Partida amaitzean, omenaldia egin zioten Azpeitian azkenekoz jokatu zuen Bengotxea 6.ari, eta harmailetako ikusleak zutik jarri ziren, pilotari nafarra txalo zaparrada artean agurtzeko. Urtarrilaren 29an emango dio amaiera urte luzeko ibilbideari, eta Azpeitiko pilotazaleek atzoko hitzordua aprobetxatu nahi izan zuten Bengoetxeari aitortza egiteko. Egoitz Arrutik oroigarri bat eman zion Azpeitiko Udalaren izenean, eta Xebastian Lizasok pare bertso abestu zizkion,  Alberdi II.aren debuta ere gogora ekarriz.  

Txalo zaparrada artean agurtu ziren Bengoetxea eta Alberdi, eta ondoren,  Binakako Txapelketako partida jokatu zuten Urrutikoetxeak eta Arangurenek Jakaren eta Mariezkurrena II.aren kontra.

Alberdi II.ak egin du jauzia. Ea pilotazaleek haren lanaz gozatzeko aukera duten urte luzez.

Erlazionatuak