COVID ziurtagiriaren kontra kalera atera dira hainbat herritar

Julene Frantzesena 2022ko urt. 21a, 21:50
Hainbat lagun elkartu dira gaur plazan, COVID ziurtagiriaren kontra.

19:00etan hasita, elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek plazan, Bazterketarik gabeko herri batean bizi nahi dugu leloa zeraman pankartaren atzean.

COVID ziurtagiriaren kontrako aldarriakapena kalera atera dute gaur, ostirala, hainbat herritarrek. 19:00etan hasita, elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek plazan, Bazterketarik gabeko herri batean bizi nahi dugu leloa zeraman pankartaren atzean.

Azpeitia Bizirik taldeak egin du plazan elkartzeko deialdia, "osasuna aitzakiatzat hartuta inposatu" duten ziurtagiriarekin desados daudela adierazteko. Hala adierazi dute elkarretaratzea hasi eta gutxira: "Gure arbasoek maitasunean, askatasunean, laguntasunean, gizatasunean, anaitasunean, zuzentasunean eta berdintasunean oinarrituriko gizartea eraiki zuten, eta guri dagokigu haiengandik jasotako giza balio horiek gure ondorengoei irakastea".

Haien arabera, osasuna aitzakiatzat hartuta "inposatu" duten COVID ziurtagiriak ez du lekurik. "Zerbait irakasteko modu egokiagorik ba al da geuk praktikatzea baino? Hori adierazten duen esamolde bat daukagu euskaraz: 'Zer ikusi, hura ikasi'. Beraz, Gandhik zioen bezala, lege bat  bidezkoa ez denean, gure eginbeharra ez betetzea da", adierazi du Azpeitia Bizirik taldeak.