Loiolabideko Babes Ofizialeko Etxebizitzetako bizilagunek eraikuntza enpresen aurkako epaia irabazi dute

Anartz Izagirre 2022ko urt. 24a, 15:06
Loiolako Ignazio Hiribideko etxeen irudi bat.

Loiolabideko 63, 65 eta 67 zenbakietako bizilagunek jo zuten epaitegietara hezetasunak tarteko. Epaiaren arabera, Construcciones Amenabarrek, Inmogroupek eta Fiarkek bizilagunek eraikinaren estaldura hobetzeko egindako obren %85 ordaindu beharko dute, baita eraikinaren estruktura hobetzeko egingo diren lanen %75 ere. Karin Kupchik bizilagunen bozeramaileak adierazi duenez, epaia "bidezkoa" izan da, eta "oso gustura" daude.

2011. urtetik borrokan ibili ostean, Azpeitiko epaitegiko 1. instrukzioko 2. zenbakiko epaileak arrazoia eman die Loiolako Inazio Hiribideko 63, 65 eta 67 zenbakietako etxebizitzetan bizi diren bizilagunei. Loiolabideko Babes Ofizialeko Etxebizitzak (BOE) egin eta bizilagunak hara sartu zirenetik, dozenaka izan dira teilatupe bereko bizilagunen kexak, eta Karin Kupchik bizilagunen bozeramailearen arabera, "arrazoia" eman die orain epaileak. Hori dela eta, epaiaren arabera, 63, 65 eta 67 zenbakia duten eraikinen estaldura hobetzeko egin zituzten lanen %85 ordaindu beharko dute Construcciones Amenabar S.A.-k, Inmogroup Grupo Inmobiliario y Promocion Urbana S.L.-k eta Fiark Arquitectos S.L.P-k, baita eraikinaren estruktura hobetzeko bizilagunek egingo duten obraren %75 ere.

Hamar urtetik gora egin behar da atzera bizilagunen kexen zergatia ulertzeko. Kupchikek dioenez, "hasiera-hasieratik" izan zituzten hezetasunarekin arazoak: "Garajeko hezetasunak, hormetan puntu beltzak... Arazo txikiak agertzean, etxebizitzen eraikuntzaren arduradunekin hitz egiten hasi ginen. Arkitektoak ekarri genituen matxuren txostenak egiteko, geuk ordainduta, eta arduradunekin hitz egiten saiatu ginen, baina ikusi genuen ez zegoela ezer egiterik".

Urte batzuk geroago, 2017-2018 urteen inguruan, euriteek 63. zenbakiko eraikinaren sabaia bota zuten, eta gauza bera gertatu zen hilabete batzuen buruan 65. eta 67. zenbakietako eraikinetan. "Ez ziren itukinak bakarrik izan, ura jausten zen etxebizitzetara. Hiru eraikinen estaldura konpondu behar genuela erabaki genuen, eta geuk ordainduta egin ziren lan horiek", azaldu du Kupchikek. Hark gehitu duenez, eraikitzaileek ere dirua jarri behar izan zuten, beraienak ziren garajeak baitzituzten eraikin horietan: "Beraien zatia ordaintzeko eskatu genien eraikuntzaren arduradunei, eta ordaindu egin zuten. Kuriosoa da, arrazoia ematen ari zitzaizkigula iruditzen baitzait; zuk dena ondo egin duzula uste baduzu, ez duzu ordaintzen". Obra egitearekin batera, aldaketa "berehala" antzeman zutela dio bizilagunak; besteak beste, etxebizitzetan tenperatura aldaketa igarri zutela esan du.

Eraikinen estaldura, konponketa lanak amaitu ostean. (Utzitakoa)

Estruktura hobetzeko lanak

Kupchikek azaldu duenez, beren etxeen eraikuntza lanak "gaizki eginda" zeuden: "Epaiaren arabera, obren exekuzioak Kode Teknikoa urratzen zuen, eta hori bete beharra dute Babes Ofizialeko Etxebizitzek, gainontzeko etxe guztien moduan". Eraikinaren estaldura ez ezik, estruktura aldatzeko lanak egiteko asmoa dute orain bizilagunek, horrek ere, Kupchiken arabera, Kode Teknikoa urratzen baitute: "Eraikinak ez daude ondo iragazgaiztuta, eta zubi termiko mordoa daude hormen artean. Horiek sortzen dute hezetasuna. Hainbat etxebizitzatako hormak beltzak daude, eta, noski, hori ezin da lixibarekin garbituta soilik konpondu. Hori dela eta, kalteak konpontzeko lanak egingo ditugu". Obra horien zati baten kalte-ordaina ere jasoko dute Loiolabideko bizilagunek; hain zuzen ere, epaiak dioenez, horien %75 beren gain hartu beharko dute demandatuek.

"Bidezko epaia"

Kupchikek nabarmendu duenez, "oso gustura" daude epaiarekin: "Ez digute denean arrazoi eman, baina uste dut epaia orekatua dela". Bi aldeek hogei egun dituzte orain helegiteak aurkezteko. Edonola ere, Kupchikek dio estruktura hobetzeko lanekin "ahal bezain pronto" hasteko asmoa dutela. 63, 65 eta 67 zenbakietako etxebizitzetako bizilagunekin ere dagoeneko egin du bilera, eta denak epaiarekin "gustura eta lasai" daudela azaldu du: "Lasai gaude, erakutsi dugulako ez geundela erratuta. Eskertuta nago, gainera, prozesu honetan hiru eraikinetako bizilagun guztien babesa izan dudalako eta aho batez erabaki zelako epaitegietara jotzea". Bestalde, kasu honek beste hainbati "bidea ireki" diezaiokeela ere uste du: "Gu icebergaren punta besterik ez gara, eta erraldoi baten aurka borrokatu dugu. Gu inurri batzuk izan gara, Goliaten aurka borrokan, baina irabazi egin dugu".