'Kantu bat gara' proiektua aurkeztuko du Jon Maiak martxoaren 20an

Julene Frantzesena 2022ko urt. 21a, 08:29
Jon Maia. (Kantu bat gara)

Zumaiako bertsolari eta abeslariak 19:00etatik aurrera eskainiko du kontzertua Soreasu antzokian, eta dagoeneko salgai daude emanaldirako sarrerak hamabost euroren trukean.

Jon Maiak Kantu bat gara proiektua aurkeztuko du Azpeitian, martxoaren 20an, igandea. Zumaiako bertsolari eta abeslariak 19:00etatik aurrera eskainiko du kontzertua Soreasu antzokian, eta dagoeneko salgai daude emanaldirako sarrerak hamabost euroren trukean.

30 urte bete dira Maiak lehen kantak idatzi zituenetik; hain zuzen ere, Negu Gorriak taldearen Gure jarrera diskorako egin zituen hitzak. Ordutik, talde eta abeslari ugarirentzat idatzi ditu hitzak, hala nola Garirentzat, Mikel Urdangarinentzat, Benito Lertxundirentzat, Soziedad Alkoholikarentzat, Pirritx, Porrotx eta Marimototsentzat, Gozategirentzat nahiz Ken Zazpirentzat.

Abesti horietako asko oso ezagunak dira, eta horietako batzuk jaso ditu zumaiarrak Kantu bat gara disko-liburuan. Azaroan aurkeztu zuen proiektua, eta dagoeneko zuzeneko emanaldiak ematen hasia da. Maia Pello Ramirez, Gorka Hermosa eta Nacho Sotorekin izango da agertokian.