Garaipena eskuetatik kendu dio epaileak Lagun Onaki

Ihintza Elustondo 2022ko urt. 20a, 10:43

Lagun Onakeko gizonek neurketa ikusgarria jokatu zuten atzo Vitoriaren aurka. Iker Bastida atezainaren gola izan zen partidako unerik politena. Irabaztea merezi arren, azken uneko gol bat jokoz kanpo izan zela adierazi zuen epaileak, eta berdinketarekin konformatu behar izan zuen etxeko taldeak.

Lagun Onakeko gizonek sekulako partida jokatu zuten atzo, asteazkena, Garmendipe futbol zelaian. Vitoria izan zuten parez pare, eta Azpeitiko taldeak itxura oso ona erakutsi bazuen ere, ezin izan zituen merezitako hiru puntuak eskuratu, eta azkenean, berdinketarekin amaitu zen neurketa.

Partida hasi eta berehala sartu zuen Vitoriak aurreneko gola, kontraerasoan. Lehen zatian, bi taldeek izan zituzten baloia sarera bidaltzeko aukerak. Lagun Onakek lan ona egin zuen; baloia lapurtzen zuen goialdean, eta erdiraketetan asmatzen ari zen. Aukera garbi-garbirik sortu ez arren, nagusitasuna erakutsi zuen Azpeitiko taldeak. Dena den, 0 eta 1 iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian ere ondo aritu zen etxeko taldea, baina epaileak Lagun Onaken kontrako erabaki batzuk hartu zituen. Hasteko, Iker Olaizolari falta egin zioten, txartel gorria ateratzeko modukoa, baina horia soilik atera zion epaileak Vitoriako jokalariari. Orduantxe etorri zen partidako unerik politena: Iker Bastida atezainak jaurti zuen falta, eta atera bidali zuen baloia; goiko bideoan ikus daiteke haren gola.

Gol horrek animoan eragin zion etxeko taldeari, eta beste hainbat aukera sortu zituen Lagun Onakek; besteak beste, Josu Ibarbiak langara bidali zuen baloia. Ondoren, garaipena esku-eskura izan zuen Azpeitiko taldeak; izan ere, luzapenean, Donazarrek gola sartu zuen, eta gola ospatzen ari zirela, epaileak jokoz konpo adierazi zuen. Sekulako zaplastekoa hartu zuen Lagun Onakek. "Gurea zen garaipena. Bideoetan garbi-garbi ikus daiteke jokalaria ez zegoela jokoz kanpo", adierazi dute taldekideek. Dena den, Lagun Onakek emandako itxurarekin gustura dira, eta ea igandean Barakaldoren aurka ere bide beretik jarraitzen duten. 

Une honetan, 22 punturekin, sailkapenaren hamazazpigarren postuan da Lagun Onak.