Erretratua

Iñaki Alberdi: "Urte oso oparoak bizi izan zituen automobilismoak Euskal Herrian"

Maialen Etxaniz 2022ko urt. 24a, 09:38
Iñaki Alberdiren erretratua. (Olatz Alkorta)

Iñaki Alberdi pilotuak ibilbide luzeko esperientzia du. Gaztetxoa zela hasi zen autoen munduan murgiltzen, eta oraindik ez du handik ateratzerik lortu. Modalitate desberdinetako lasterketa ugaritan parte hartu du, eta garaikur asko eskuratu ditu. Tailerrean ere ordu luzeak igarotakoa da. Harena da Erretratua 2022ko urtarrileko Uztarria aldizkarian.

Jende ugarik ezagutzen du Iñaki Alberdi pilotua Azpeitian, ia bizitza osoa baitarama rallysprint, rally eta igoeretan parte hartzen. Bere ibilbideaz eta egungo egoeraz solasteko elkartu da Uztarria Alberdirekin, horren kuttuna duen tailerrean.

Hastapenez galdetuta, haurra zen garaietara egin du jauzi: "Betitik gustatu izan zait bizikleten, motorren eta ibilgailuen mundua. Eskolarako gogo gutxi nuen, eta 12 urterekin lanean hastea erabaki nuen. 12 urte nituela mekanikari lanetan hasi nintzen tailer batean. Horrela hasi nitzen autoen munduan murgiltzen. Gainera, Urrakiko Igoera egiten zen Azpeitian, eta proba ezaguna zen. Gertutik bizi izan genituen lasterketa haiek, eta nahi gabe ere, odola berotzen zitzaigun". Dena den, ikasitakoa eta ikusitakoa nondik datorkion aipatu nahi izan du: "Joxe Labaka Xague pilotua izan da gure maisua, maisu handia. Lehen ona bazen, orain hobea da".

12 urterekin auto lasterketak ikusi bai, baina horietan parte hartzerik ez zuen izan Alberdik; 16 urte betetzean ekin zion probetan parte hartzeari. Orduan, gazteek bazuten adin horrekin probetan izena emateko aukera, "beste garai batzuk" baitziren. "Sasoi hartan, autokros piratak antolatzen ziren, eta horietako batean parte hartu nuen 16 urterekin. Proba haiek ez ziren legalak, baina auzoetako festetan ez zegoen horrelakoak antolatzeko arazorik". Adin nagusira heldu zenean eman zuen izena aurreneko lasterketa ofizialean, eta orduan hasi zen gidariak oraindik bukatu ez duen ibilbidea. "18 urte egin nituen urtean bertan, Jaizkibel, Urbasa eta Arrate egin nituen asfaltoan. Etxekoek beldurra zuten, asfaltoak bere arriskuak baititu. Hori dela eta, asfaltoko lasterketak utzi, eta autokrosaren bidea hartu nuen. Autokroseko buggya prestatu eta lasterketa ofizialetan parte hartzen hasi ginen, hasieran Euskal Herrian, eta ondoren, Espainian". Euskal Herrian lau aldiz izan zen txapeldun, eta Espainian hiru aldiz.

1999an, buggya utzi eta asfaltorako autoetan trebatzen hasi zen Alberdi, rallyetan parte hartzen, "probatzeko". "Ondo ibili ginen, baina hainbat matxura ere izan genituen, eta denborarekin kotxe handiagoa ekarri genuen: Seat Ibiza Kicker bat. Urte erdia egin genuen harekin. Kotxe hura salduta, World Rally Carretako Ford Escorta ekarri genuen, Espainiako Txapelketan parte hartzeko. Lehia handia zegoen, maila handiko autoak zituzten beste pilotuek. Bi urtez ibili ginen modalitate horretan, baina garestia zen, laguntza gutxi genituen, eta azkenean, autoa saldu nuen. Orduan erosi genuen Megan kit car-a, asfaltorako".

(Maialen Etxaniz)

Prestaketa eta babesa

Modalitate desberdinak daude automobilismoaren munduan, eta horietako bakoitzak "zerbait" duela dio pilotu azpeitiarrak. "Igoerak oso motzak dira, baina oso gustura ibiltzen naiz horietan. Gainera, ez da denbora asko behar igoerak prestatzeko. Rallysprintak ere gustatzen zaizkit, luzeagoak dira, eta kopilotuarekin egin daitezke. Rallyak, aldiz, ez zaizkit hainbeste gustatzen", dio. Hala ere, urteetan zehar horietan denetan parte hartu du azpeitiarrak, baita erakusketa ugaritan ere.

Zenbaitetan pluralean hitz egiten du Alberdik, eta arrazoiaz galdetuta, kopilotuak ekarri ditu gogora: "Beti kopilotuak izan ditut aldamenean, eta denak oso onak, ez daukat aitzakiarik: Pedro Tobar, Jorge del Cid, Nerea Odriozola, Beltza... sekulako babesa izan dira niretzat". Kopilotuek eta inguruko autozaleek eman dioten babesa eta bultzada ez ezik, familiak emandakoa ere azpimarratu du Alberdik: "Etxekoek urteetan zehar erakutsitako babesa eta pazientzia oso garrantzitsuak izan dira niretzat". 

Autozaleek ondokoengan aurkitzen dute babesa, baina kirolak baditu hainbat zailtasun; esaterako, entrenatzeko ezintasuna. "Gaur egun entrenatzeko zailtasun handiak ditugu. Autoak errepidean prestatzea komeni izaten da, eta gu autora egitea, baina horretarako aukera ematen duten lekuak falta dira. Lehen errazagoa zen hori; poligonoan ibiltzen ginen, eta ez zen ezer pasatzen. Gaur egun matrikulatutako autoekin ere arazoak izaten ditugu, eta askotan lasterketetan probatzen ditugu ibilgailuak aurrenekoz".

Urte oparoak, ugari

Gaur egun probatik probara ibiltzen da Alberdi. Azken urteetan kirolak "beherakada" izan duela nabaritu du, batez ere, zaletasunari dagokionez. Izan ere, urte oparoak bizi izan zituen hark, Euskal Herrian zaletasuna nabaria zen garaian, hain zuzen. "Autoetarako zaletasun handia zegoen", gogoratu du: "2000. urtearen bueltan izugarrizko zaletasuna eta maila zegoen Euskal Herrian. Txus Jaio, Klaudio Aldekoa, Xanti Artetxe… kotxe oso onak zituzten horiek, eta gidari bikainak ziren". Alberdiren arabera, 1998tik 2008 aldera arte "urte oparoak" bizi izan zituzten, eta orduan "sekulako maila" zegoela adierazi du. Hori bai, gaur egun ere "maila handia" dagoela nabarmendu du.

Gidariak dio lehengo argazkiak ikusita nabaritzen dela orain zale gutxiago dagoela: "Lehengo argazkietan jende mordoxka ikusten da errepide ertzetan, lasterketak ikusten eta gidariak animatzen. Azken bi urteotakoak ikusita, aldiz, lehen Andaluzian izaten ziren lasterketak etortzen zaizkit gogora. Jende gutxi joaten da orain". Pandemiak beherakada horretan eragina izan duela uste du, hainbat arrazoi tarteko; besteak beste, arrazoi ekonomikoak. "Jende asko desanimatu egin da, eta azken lasterketetan uste baino parte hartzaile gutxiago izan dira". Dena den, pixkanaka lehengora itzuliko diren esperantza du Alberdik.

(Maialen Etxaniz)

Lagun-Artea eskuderiak urte luzez egindako lana azpimarratu du azpeitiarrak, bere ibilbideari erabat lotuta dagoela iritzita: "Horrelako eskuderia bat hemen izatea oso garrantzitsua da. Zenbat lasterketa antolatu dituzten... Horiei esker aritu gara urteetan. Ezin imajina daiteke zenbat lan egin duten probak antolatzen; txapela kentzeko moduko lana egin dute. Segi dezatela horrela, haiek egiten ez badute, ez baitugu lasterketarik izango inguruan".

Alberdik oraindik ez du auto gidari ibilbidea amaitzeko asmorik, nahiz eta aitortzen duen ez duela gaztetako grin bera. "Jende asko izan dut babesa ematen, eta esango nuke horrek eman didala jarraitzeko indarra. Gaur egun ez da gauza bera, urteak ez dira alferrik pasatzen, baina oraindik umeek bezala gozatzen dut autoa hartutakoan. Lasterketen gauzarik onena lagunartea da, aurrez egindako lana, ondoren egiten diren afariak... Ez dakit horiek gabe bizitzen asmatuko nukeen. Gainera, ez dakit zer gustatzen zaidan gehiago, lasterketetan parte hartzea edo tailerrean auto artean ibiltzea".