Ignacio Arakistain: "Aitortza eta ohorea da Donostiako Orfeoiaren eta Musikeneren saria jasotzea"

Julene Frantzesena 2022ko urt. 20a, 10:21
Miren IƱarga Musikeneko zuzendaria, Ignacio Arakistain musikaria eta Jose Mari Etxarri Donostiako Orfeoiko lehendakaria herenegungo ekitaldian.

Herenegun jaso zuen Ignacio Arakistain organo-jotzaileak VI. Musikene-Donostiako Orfeoia Saria, Donostiako Orfeoiaren egoitzan egindako ekitaldian. Valentin Larrea Iturbe pianista eta organistaren obraren eta haren bizitzari buruz egindako gradu amaierako lanari esker jaso du aitortza azpeitiarrak. Saria jaso berritan, harekin hitz egin du Uztarria.eus-ek.

Zer da zuretzat Donostiako Orfeoiaren eta Musikeneren saria jasotzea?

Aitortza eta ohorea. Ez da diru saria, baina curriculumerako gehigarri polita da. Bestalde, ohorea da Donostiako Orfeoia eta Musikene bi erakunde garrantzitsu direlako; horiek 125 eta 20 urte betetzen dituzte aurten, hurrenez hurren. Herenegungo sari banaketa ekitaldian ere horixe bera esan nuen: euskal kultur ekosisteman bi erakunde garrantzitsu direla, eta euskal musikaren arloan are gehiago. Izan ere, berreskurapen lanetan bete-betean daude sartuta.

Valentin Larrea zenaren familiak asko lagundu dizu lana gauzatzen, ezta?

Asko lagundu dit, bai. Valentinen bi biloba ezagutu nituen, Maite eta Elena, eta haiek erabat lagundu didate. Aitonaren musika argitara atera nahian ari zirela esan zidaten, eta pixkanaka organorako obra nirekin lantzea nahi zutela. Valentinen obraren gotorleku izan da familia; izan ere, Maiteren eta Elenaren amak, Maria Luisak, zuen gordea Valentinen obra guztia. Hark Eresbil artxiboan utzi zuen lan dena, baina Eresbil artxiboa da, ez zabalkunderako artxibo bat, eta horregatik, lana ez zen argitaratzen, ez zen jotzen.

Zertan lagundu dizute Larrearen senideek?

Bilobek aitona ezagutzen zuten, baina bere musika ez zuten entzuna. Bazekiten pertsona entzutetsua izan zela; izan ere, etxean bazituzten haren diplomak, dominak... Familiak Valentinen esperientzia kontatu dit, beren artxiboak utzi dizkit, argazkiak... Konposatzailearen familiarekin harreman handia izan dut, eta izaten jarraitzen dut; poz handia da hori niretzat, lanaz gain eta lanak eman didanaz gain, lagun ugari egin ditudalako. Familia horrek benetan estimatzen nau, nik beraiek bezain beste.

Urteetako lanaren aitortza al da saria?

Ez da ibilbide baten saria, ez dut horrela sentitzen. Oraindik ere uste dut lanerako bidea badudala.

Zer proiektu dituzu esku artean?

Otsailaren 1ean Vienara joango naiz, master bat egitera, eta han izango naiz ikasten 2024ra arte. Ilusio ikaragarria egiten dit horrek; ez soilik ikasketak han gauzatzeko aukeragatik, baizik eta Vienan bizitzeko aukera izango dudalako. Han dagoen mundu musikala, mundu kulturala ezagutuko dut; orkestrak, kontzertuak, aretoak... Hori zukutzeko eta bizitzeko aukera izatea izugarria da niretzat. Bestalde, betiko kolaboratzaile ditudan Garazi Navasekin eta Pello Irigoienekin lanean jarraitzen dut. Pellorekin, gainera, oraintsu grabatu ditut organorako eta txisturako lan batzuk, Deban eta Azkoitian, eta horiek aurten argitaratuko ditugu audioan eta bideoan, BiHodi izeneko proiektu baten bidez. Horretan ari gara, buru-belarri.