Urtebetean puntu eta erdi egin du behera langabezia tasak Azpeitian

Andoni Elduaien 2022ko urt. 19a, 09:30

Lanbidek emandako datuen arabera, %7,5ekoa da egun Azpeitiko langabezia tasa. 2020ko abenduaren amaieran, berriz, %9koa zen. 2022. urtean sartu aurretik, 547 azpeitiar zeuden lanik gabe, iaz baino 89 gutxiago.

Urtebetean behera egin du langabezia tasak, Azpeitian. Lanbidek emandako datuen arabera, 2021eko abenduaren amaieran langabezia tasa %7,5ean kokatu zen. Urtebete lehenago, 2020ko abenduaren amaieran, puntu eta erdi altuagoa zen tasa (%9). Egun, herriko langabezia tasa Gipuzkoako (%8,7) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabezia tasaren bataz bestekoaren (%10,7) azpitik dago. Modu horretan, behera egin dute hango langabezia tasek ere: Gipuzkoako tasa %9,8koa zen 2020ko abenduan, eta hiru lurraldeetako bataz bestekoa, %12,1ekoa. Urola Kosta eskualdean ere behera egin du tasak, %9,8koa izatetik %7,5ekoa izatera igaro baita joan den abenduan.

Pertsona kopuruari erreparatuz gero, berriz, 2021aren amaieran 547 lagun zeuden lanik gabe Azpeitian, 2020aren amaieran baino 89 gutxiago. Langabe horietatik guztietatik 220 gizonezkoak ziren –2020an, 275 lagun–, eta 327 emakumezkoak –2020an, 361 lagun–. Lanbidek zehaztutako adin tarteei erreparatuta, ostera, 2021eko abenduan 25 urtetik beherakoen artean 50 azpeitiar– 26 gizon eta 24 emakume– zeuden langabezian; 25 eta 44 urte bitarteko 256 herritar –92 gizon eta 164 emakume–; eta 45 urtetik gorakoen artean 241 lagun –102 gizon eta 139 emakume–.

Langabeziaren datuak sektoreka nolakoak diren ere zehaztu du Lanbidek: 37 ziren nekazaritza sektorekoak, 116 industriakoak, 22 eraikuntzakoak eta 294 zerbitzuetakoak. Horrez gain, 78 lagun zeuden lehendik enplegurik gabe. 

2021. urteko gorabehera

Egungo langabezia tasa 2020ko urtarrileko datua baino hobea da; izan ere, orduko urtarrilean langabezia tasa %8,4koa zen herrian; urtearen amaieran, berriz, %8,8era iritsi zen. 2020ko abuztuan jo zuen langabezia tasak goia Azpeitian, %10,7ra iritsira, baina orduz geroztik beherako joera hartu zuen.

2021ean, langabezia tasak behera egitea lortu dute Azpeitian. 2021eko urtarrilean, %,8,7ko langabezia tasa zuen herriak, eta hamarren bat altuagoa otsailean. Iaz, Azpeitiak izan zuen langabezia tasa handiena otsailean izan zuten. Orduz geroztik, ordea, tasak beheranzko bidea hartu zuen. Urtearen erdirako, ekainerako, %8ko langabezia tasa zuten Azpeitian, nahiz eta maiatzean tasa baxuagoa izan (%7,7). Aldiz, irailean izan zuten urteko tasarik baxuena (%7,4). Azaroan eta abenduan, egonkor mantendu da langabezia tasa Azpeitian.

Eskualdeko datuak

Oro har, urtebetean langabezia tasak behera egin du eskualdeko herri ia guztietan; Beizama, Errezil eta Getaria dira salbuspen bakarrak. Bestalde, 2021eko abenduko langabezia tasa %7,5ekoa izan zen Urola Kosta eskualdean, 2020an baino 2,3 puntu baxuagoa (%9,8). Eskualdeko tasaren bataz bestekoa gainditzen dute Aizarnazabalek (%8,9), Azkoitiak (%8,1), Beizamak (%12,7), Zestoak (%8,6) eta Zumaiak (%8). Langabe kopuruak ere behera egin du urtebetean. 2020ko abenduan, 3.275 pertsona zeuden lanik gabe Urola Kostan, eta urtebete beranduago 2.858 zeuden.

Abenduan, eskualdean lanik gabe zeuden lagunetatik 1.210 (iaz, 1.467) gizonezkoak ziren, eta 1.648 (iaz, 1.808) emakumezkoak. Lanik gabe zeuden emakumeen kopurua gizonena baino altuagoa da eskualdeko herri guztietan, Errezilen izan ezik. Honako hauek dira Urola Kostako langabezia tasak herriz herri:

  • Aia %4,7 (iaz, %6,2)
  • Aizarnazabal %8,9 (iaz, %13,2)
  • Azkoitia %8,1 (iaz, %9,1)
  • Azpeitia %7,5 (iaz, %9)
  • Beizama %12,7 (iaz, %8,5)
  • Errezil %6,6 (iaz, %5,7)
  • Getaria %6,8 (iaz, %6,7)
  • Orio %7,4 (iaz, %9,2)
  • Zarautz %7,3 (iaz, %8,4)
  • Zestoa %8,6 (iaz, %9,3)
  • Zumaia %8 (iaz, %9)