Urko Egañak bigarren saria eskuratu du San Antontxu bertso paper lehiaketan

Nerea Uranga 2022ko urt. 16a, 20:23
Urko Egaña bertsolari azpeitiarra Naia Arrizabalaga bertsolari azkoitiarrarekin, Mungian.

Mungian (Bizkaia) antolatzen duten bertso paper lehiaketaren XXIV. edizioan izan da saritua bertsolari azpeitiarra, helduen mailan.

Nire sindromea izenburuko bertso sortarekin San Antontxu XXIV. bertso paper lehiaketan helduen mailako bigarren saria eskuratu du Urko Egaña bertsolari azpeitiarrak. Lehen saria, Iñigo Legorburu hernaniarrak irabazi du Lodifobiarik ez izenburuko bertso sortarekin.

Egañak bertso sortan Dandy Malker sindromedun baten "kontakizun erreala" jaso du, "kolektibo horren aldarriarekin bat eginez".

Hona hemen Egañaren bertso sorta irakurgai:

Nire sindromea

Doinua: Ausencia (Imanol kanta 11A/Bra egokituta)

1-Duela hamabost urte hamalau

urte zituen mutil gazte bat naiz.

Dandy Walker sindromea dut nik "gaitz",

gaitz gisan hartu nahi baduzue hau.

Bizibide malkartsu guztiak lau

bilakatzen ahalegintzen naiz maiz,

gizarte hain berekoi honetan nahiz

trabak gainditzen jardun goiz eta gau.

Nire haurtzaroak niregan dirau

nire ilusio eta nire nahiz,

nire begi-nini bete eta blaiz

nire etorkizunak kezkatzen nau.

 

2- Nire buruaren buruhaustea

eta nire sindromearen pausak

eragindako ezinen errautsak

baliatuz nahi dut hegan hastea.

Sinesten dut patuan sinestea

neuk biziaz neu naizenaren kausak

nik ere bai baititut nire gauzak

baina ez dut nahi aterik ixtea.

Nire bizitza ez da hain tristea

eta horrek harrotzen ditu hautsak,

zenbaitek ez baitituzte nahi ahuntzak

zelaietan saltoka ikustea.

 

3- Haur bat nintzenetik dut ikasteko

eta garatzeko ilusioa

nahiz eta zenbaitzuen desioa

sekula ez den izan laguntzeko.

Gehiago izan da izorratzeko!

Hau da jaso dudan pertzepzioa

eta nire interpretazioa

neure burua interpretatzeko.

Nik sentitzen dudana ulertzeko

eskolatik dator prozesioa.

Bi irakasleren obsesioa

ume nintzena ume gelditzeko.

 

4- Ikasteak liluratzen ninduen

matematika, soinketa, euskera…

Nire ikaskideekin batera

gauza asko ikasi nahi nituen.

Baina han maisuak agintzen zuen.

Hala, ni ikasgelatik atera,

aldameneko gela huts batera

joan eta zerbait marrazten nuen.

Ez dakit munduak ulertu duen

zein den egun dagokion papera

edo le(he)n egiten zuen antzera

baztertuta uztea nahi gaituen.

 

5- Gure mundua aldatzen ari da

eta urrats gehiago ematean,

eta urrats hoiek eman artean

ez gaitezen joan hamildegira.

Nire nahiak ez doaz urrutira

nahiz mugatu daitezken gizartean!

Mundu anitzago bat izatean

guztiok izango dugu kabida.

Jar gaitezen geroari begira

zoriontasunerako atean,

mundu inklusiboago batean

mundu gehiago sortuko baitira.

 

6- Ez ote naiz ameslari ergela?

Nahiz bi hankak ondo izan zoruan

nik ametsetan dihardut zeruan

badakidalako posible dela

aldatzea ohituren erregela

guk bizi dugunaren inguruan

eta entzun gaitzatela munduan

gaur arte egin ez duten bezela.

Nik badakit desberdinak garela

norbanako denok garen moduan,

beraz gu tratatzerako orduan

ere berdin tratatu gaitzatela.

 

7- Desberdinak ez du esan nahi txarra,

desberdina da soilik desberdina!

Nahiz zentzu askotan izan berdina,

badago bereizten jakin beharra.

Gizarteak jarri dezake marra,

protokolo on batekin, jakina!

Maitasunez eta taktuz egina,

horrek emango bailuke indarra!

Ekaitzaren osteko ostadarra

bistaratze hutsaren eragina

eta utziko duen etekina

dira ikusi nahi dugun bakarra.

 

8- Zer da besteekiko maitasuna

besteak ulertzen ditugunean?

Hori lortzera heltzen garenean

ez al da lortzen zoriontasuna?

Bi galdera hoietxen erantzuna

eman beharrik ez daukagunean

sinistuko dut berdintasunean!

Existitzen bada berdintasuna…

Gabezia edo urritasuna

aberastasun bihurtzen denean

gutako bakoitzaren barrenean

aurkituko da aberastasuna.