Berdinketa eta porrota, Lagun Onaken talde nagusientzat

Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 16a, 19:31
Lagun Onaken Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldearen gaurko hasierako hamaikakoa. (Lagun Onak)

Espainiako Hirugarren Mailako taldeak husna egin zuen atzo Amurrioren zelaian, irabazteko aukerak izan zituen arren. Gaur, Emakumeen Ohorezko Erregional Mailan Eibar liderrak 0 eta 2 irabazi du Garmendipen.

Lagun Onak futbol klubaren gizonen talde nagusiak berdindu eta emakumeenak galdu egin dute asteburu honetan.

Espainiako Hirugarren Mailan, Amurrioren zelaian jokatu zuen atzo Lagun Onakek. Jaitsiera postuetatik kanpo, baina sailkapenean azpeitiarrek baino bi puntu gehiago besterik ez ditu talde arabarrak. Puntu bat batu zuen Ander Avellanedaren taldeak atzo, etxera hirurekin itzultzeko nahikoa meritu egin arren. Izan ere, partida oso ona jokatu eta gol aukera garbi ugari izan zituen Azpeitiko taldeak bai lehen zatian, bai bigarrenean; etxekoek ere izan zuten berea, bakarra, lehen zatiaren hondarrean. Baina gola egiten ez zuen asmatu Lagun Onakek, eta husnako berdinketarekin konformatu behar izan zuen. 21. jardunaldian batutako puntu horrekin, beste horrenbeste ditu Lagun Onakek, 21, eta jaitsiera postuetan jarraitzen du, sailkapenaren 15. tokian. Asteazkenean jokatuko du Azpeitiko taldeak ligako hurrengo jardunaldia, 19:30ean, Garmendipen, Vitoriaren kontra.

Emakumeen Ohorezko Erregional Mailan, liderra, Eibar, hartu du gaur Garmendipen Lagun Onakek, ligako hamalaugarren jardunaldian. Armaginek beren sendotasunaren berri eman dute Azpeitian, eta 0 eta 2 irabazi dute. Ondo hasi dira bi taldeak, baina kanpokoak izan dira etekina atera dutenak; 9. minutuan egin du lehen gola Eibarrek. Jokoan nagusitzen joan da hortik aurrera liderra, eta 32. minutuan egin dute bigarren eta azken gola. Lagun Onakek ondo ekin dio bigarren zatiari, eta aldea murrizteko aukera onen bat ere izan dute; Eneritzek langara bidali duen jaurtiketa izan da garbiena, 59. minutuan. Eibarrek ere izan du abantaila handitzeko aukeraren bat, baina ez da gol gehiago izan. Lagun Onakek sailkapenaren zortzigarren postuan jarraitzen du, 22 punturekin. Datorren asteburuan Urnietaren zelaian jokatuko du Unai Urbizuren taldeak.