Sansebastianak 2022

Donostian umeen danborrada egingo dutela eta, herritar talde batek erabakia berrikusteko eskatu dio Azpeitiko Udalari

Julene Frantzesena 2022ko urt. 14a, 11:47
Sansebastianak ospatzearen aldeko elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek Errege egunez.

Donostiako Udalak haurren danborrada, beste modu batean bada ere, egitea erabaki duela eta, Azpeitiko Udalari bide bera hartzeko deia egin dio sansebastianak ospatzea nahi duela dioen herritar talde batek. Herriko 650 ume danborradarik gabe uzteko ahaleginak "hitzik gabe" utzi dituela azaldu dute. Azpeitiko Udalak atzera egiten ez badu, herritarrei kalera ateratzeko deia egin diete.

Donostian San Sebastian egunez haurren danborrada egin egingo dutela eta, oharra kaleratu du Azpeitiko sansebastianak ospatu nahi dituen herritar talde batek. Donostiako Udalak hartu duen erabakia izan dute hizpide horiek, umeen danborrada hainbat auzotan banatuta egingo dutelako. "3.000 haurrek parte hartuko dute, nahiz eta normalki 4.000 haur baino gehiago izan ohi diren. Donostiako Udalak hainbat auzotan banatu du danborrada, eta auzo bakoitzean, gehienez, 800 danborjole izango dira, Labik ezarritako segurtasun neurriak betez. Parte hartzea borondatezkoa izango da".

Azpeitiko haurren danborradan 650 danborjolek parte hartzen dutela, baina Azpeitiko Udalak Labiren neurriak argudiatuta bertan behera utzi duela gogorarazi dute. "Azpeitiko Udalak haurren danborradako talde desberdinetako ordezkariekin egindako bileran, desfile bakar bat egin ordez zatikatzea proposatu zen, baina zinegotziek entzungor egin zioten aukera horri, nahiz eta zenbait taldek danborrada egiteko borondatea azaldu". Gainera, "udalak danborradak bertan behera uzteko erabakia hartu aurretik" herritar talde horrek Sansebastianak bai lelopean bi elkarretaratze egin zituela ekarri du gogora.

Hainbat galdera egin dituzte sansebastianak ospatu nahi dituztela dioten eta Uztarria.eus-era oharra bidali duten herritarrek: "Zergatik du udalak sansebastianak bertan behera uzteko horrelako interesa, segurtasun neurriak betez horiek ospatzea posible dela ikusirik? Norentzat ari da lanean Azpeitiko Udal Gobernua? Zergatik ez da San Sebastian egunean goizean bi taldek soilik egiten duten danborrada antolatu? Edo San Sebastian eguneko ilunabarrean sei taldek soilik parte hartzen dutena? Zergatik ez da helduen danborrada bi zatitan eginda eta segurtasun neurriak betez antolatzen?".

"Hitzik gabe". Hala gelditu direla diote herriko 650 haur danborradarik gabe uzteko "ahaleginarekin", eta haurrei "aurretik jasanarazi zaien guztia" izan dute hizpide. "Zergatik haurrak horrela zigortu? Agintari hauei gogorarazi nahi diegu legez kanpoko itxialdian txakurrei kalera ateratzea baimendu zitzaiela, haurrei hori ukatuz. Gogoratu eskola kirola galarazita dutela, gogoratu haurrengan gaitzak ez duela inolako intzidentziarik. Hau al da haur hauei udalak zor dien barkamen eskaria adierazteko modua?".

Donostiako Udalak sansebastianak Azpeitian "bere osotasunean" antola daitezkeela erakutsi duela uste dute; "eta oraindik ere posible da", erantsi dute. "Rectificar es de sabios esan ohi da gaztelaniaz, eta Donostiako Udalak egin du. Azpeitikoaren zain gaude". Halakorik gertatzen ez bada, herritarrei kalera ateratzeko deia egin diete. "Banaka edo taldeka, ohi bezala sansebastianak ospatzera, jantziekin eta danborrekin. Gauez eta egunez, herri ekimenez eutsiko baitiegu Azpeitian betiko jai handiak izan diren sansebastianei".