168 proiektuk jaso dituzte ekonomiaren sustapenerako dirulaguntzak

Julene Frantzesena 2022ko urt. 14a, 09:56
Azpeitiko Udaleko eta Iraurgi Berritzeneko ordezkariak herriko enpresa batera egindako bisitan. (Azpeitiko Udala)

Orotara, 500.000 euro bideratu ditu erakundeak dirulaguntza horietara. Lehen sektoreko, zerbitzuen arloko eta industria eremuko proiektuak ez ezik, ekintzailetasun egitasmoak zein kontratazioak ere lagundu ditu diruz udalak.

Ekonomia sustatzeko 2021eko deialdian 168 proiektu lagundu ditu diruz Azpeitiko Udalak. "Herriaren garapena eta ekonomia sustatzeko eta langabeziari aurre egiteko", orotara, 500.000 euro bideratu ditu erakundeak. Zehazki, lau diru laguntza lerro ezarri ditu: lehen sektorea eta zerbitzuak; industria proiektu estrategikoak edo berritzaileak; ekintzailetasuna; eta azpeitiarren kontratazioak. Hain zuzen ere, lerro horietakoren batekin lotura duten proiektuek jaso dute dirulaguntza.

Lehen sektoreari eta zerbitzuei lotutako 103 enpresa edo negozio lagundu ditu diruz udalak, eta 117.64o euro bideratu ditu lerro horretara. Erakundeak azaldu duenez, laguntzak hainbat eginkizunetarako eman dituzte, hala nola Ticketbai sistema ezartzeko (25 dirulaguntza), inbertsioetarako (28), COVID-19aren prebentzio gastuetarako (27), alokairurako (26), jarduera berriak martxan jartzeko (7), lehen sektorea indartzeko (4) nahiz bertako produktuen kontsumoa sustatzeko (2).

Industria proiektu estrategikoak edo berritzaileak dituzten, enplegua sortzen edo mantentzen duten, garapen jasangarria bultzatzen duten inbertsio proiektuak dituzten eta genero berdintasuna sustatzen duten 26 enpresak ere jaso dute dirulaguntza. Guztira, 257.258 euro bideratu ditu proiektu horietara udalak. Zehazki, hemezortzi idustria proiektu sustatu ditu, inbertsioetarako zazpi laguntza eman ditu, eta gainera, enpresa berri baten sorrera ere lagundu du diruz.

Izaera ekintzailea duten proiektuetara 50.000 euro bideratu ditu erakundeak, eta guztira, hamahiru proiektu lagundu ditu. Bestalde, Azpeitiko 26 langaberen kontratazioan ere eragin du udalak, dirulaguntza bidez. 66.350 euro banatu ditu udalak, batez ere, emakumeak eta 45 urtetik gorako herritarrak kontratatzeko.

Langabe kopuruak behera

Ekonomiaren Sustapeneko dirulaguntzen emaitzak jakinaraztearekin batera, herriko langabezia tasan erreparatu du udalak. Izan ere, iaztik jaitsi egin da langabetuen kopurua. Gaur-gaurkoz, Azpeitiko langabezia tasa %7,5 da (547 herritar daude lanik gabe).

Dena den, alde nabarmena dago gizon eta emakume langabetuen tasen artean: gizonen artean %5,3 da langabezia tasa, eta emakumeena %9,8. Eskualdeko, Gipuzkoako eta EAEko tasaren azpitik dago Azpeitiko langabezia tasa: %7,9, %8,7 eta %10,7 dira tasa horiek hurrenez hurren.